Jose Arrue, Orozkon maitemindu zen artista

Atzokoa, emozioz beteriko eguna izan zen niretzat. Ikusi nuelako azkenik hasiak ginela Jose Arruerekin genuen zorra kitatzen. Abuztuaren azken eguna, Orozkoko sanantolinen abiapuntua hautatu zen Jose Arrue, Blas de Otero idazle paregabearekin batera, pregoilari izendatzeko. Ohorezkoa, hilondokoa, nahi duzuena… baina pregoilaria eta, azken finean, herri oso baten aitortza zintzoa.

Ordubete lehenago, udaletxe eder hartako areto nagusian, udalbatzar berezia egin zen artista horiek biak “Orozkoko adopziozko seme” izendatzeko. “Adopziozkoak” dira “seme kutun” bezalakoak baina herri horretan bertan jaio ez direnen kasuetan. Udal batek aitortu dezakeen goreneko ohorezko izendapena Jose Arruerentzat. Agur eta ohore, beraz. Hortaz nire poz kontrolaezina lerro hauek idazteko orduan.

ZERGATIK ARRUE ETA OROZKO?

Jose Arrue bilbotarra zen jaiotzez, 1885eko irailaren 1. egunean, San Antolin egunaren bezpera urrun batean, ikusi zuelako lehenbiziz munduko argitasuna. Hobeto esanda, abandotarra zen, bost urte beranduagora arte ez zelako “Abandoko errepublika” Bilbon sartu.

Sano ezaguna da, bestetik, Jose Orozkora lehenbiziz hurbiltzeko pasadizo hura. Zekor suhar baten bila ari zen, herri honetakoak zirelako, antza, jenio bizikoenak. Apustu bat zuen tartean, ea zezen-plaza batean toreatzeko gauza izango ote zen. Erronkan nagusitu eta Indautxuko plazan toreatzea lortu zuen 1909 10 17 egunean.

Zekorra, Orozkoko Ibarra auzunerako bidean zegoen landa batean toreatzen zuten. Gero okelarako saldu zioten Gillermo harakinari, Perula Olabarria alkatearen semea zenari.

Horrela ezagutu zuen Arruek Orozko, Luis Mogrobejorekin batera Zubiaurreko Presako etxean egon zelako bizitzen uda hartan, zekorrarekin trebatzen ziren bitartean. Etxe hartan ostatu hartzen zutelako kanpoko bisitariek, XIX. mendeko jauregi hura Orozkoko “hotela” zelako garai haietan. Egungo Burgoskale eta Zubieta kaleak elkartzen diren lekuan zegoen, San Anton baseliza zaharraren parean.

Orozko sano ezberdina zen garai haietan. Baserriko giroa nagusi zen baina, aldi berean, modernitatea zegoen puri-purian, batik bat, Zubiaurren, herrigunean. Horren lekuko, Ferrocaril de Areta a Orozco izeneko diligentzia linea, Orozko Bilbo-Tutera trenarekin, mende berriak eskainitako aurrerapenekin, lotura egiten zuena. Han, Presako ostatu-etxearen aurrean, hartzen zituen bidaiariak zaldi-diligentziak, munduko edozein bazterretara eramateko. Mugarik gabeko garaiak ziren Europa osoan, euforiakoak.

Ordurako, Jose Arrue gaztea izeneko margolaria zen eta Europa osotik ibilia zen arte akademizista astintzen ari ziren abangoardia piktoriko guztiak ezagutzeko eta gertu-gertutik bizitzeko. Aipatzekoa da, Parisko egonaldi ugarietako bat (1905) eta aurten, udako oporrak baliatuta, bisitatzeko aukera izan dudana.

Quartier Latin-en hartu zuen bizilekua Jose, Alberto anai artistarekin batera, Dauphine kaleko 38. etxean. Han egonda, oinez egin nituen ikastera joaten ziren akademiaraino dauden ia kilometro biak. Hantxe, ibilbidearen amaieran, Academie la Grande Chaumiere (1957. urteaz geroztik Charpentier deitua) aurkitu nuen.

Arruetarrak bertaratu ziren garaian erabat iraultzailea zen ikastegi hori. Hiru urte baino ez ziren Martha Steltler fundatu zuenetik, herrialde ezberdinetako izeneko irakasle batzuekin.

Bertan apurtu zen hara arteko irakaskuntza sistemarekin, Arte Ederretakoaren bitartez zituen muga piktorikoekin. Eta Art indépendate-a sortu zen akademia ausartean, mundura zabalduko zena zirimola baten moduan.

Bazekiten beraz arruetarrek zer nahi zuten, ze estilo aurreratuak eraman nahi zituzten Euskal Herrira. Ez ziren beraz baserritarren mundu zaharkitua nola edo hala margotzen zuten pintore bi, ondo formatutako artistak baizik. Modernitatearen betaurrekoez ikusarazi nahi izan ziguten Orozko bezalako herrietan begi-bistan zuten beste garai batekoa zirudien errealitatea.

Erromesak santutegietara hurbiltzen diren moduan egin nuen ibilbide gogoangarria. Lasai, euripean tarteka, bideko arte-galeriak ikusten, behinolako Paris sortzailea arnasten. Banekien, gainera, Paris horri erauzten ari nintzaiola zirkuitu turistikoetatik kanpo zegoen bitxi handia, bihotza arintzen dizuten horietakoa… Chaumiere izenekoa, ‘baserri-etxea’… esanahi egokiagorik Jose Arruerentzat?

Baina utz dezagun Paris urruna Orozko hurrera itzultzeko.

Orozkora etorri zen, bai… eta herri honetako alaba xarmangarri batekin maitemindu zen. Goitik behera, arimatik bihotzera egiazko maitemintzeetan jazotzen den bezala. Segunda Mendizabal Rotaetxe (1892-1978) izan zen bihotza lapurtu ziona, “Patxo Orozko” pilotari ospetsuaren arreba.

 

 

Jose pilotazale amorratua zen eta sarritan joaten zen pilotalekura, frontoira, lagunartean partida bat edo beste jokatzera. Patxo Orozkoren ondoan aritzea ez zen aukera makala…

Baina Patxoren arrebaren begiak lorez betetzen ziren, nahigabean eta ustekabean, kanpotar hura ikusten zuen bakoitzean. Bere bihotzean isiotua zegoen jada amatatu ezin zezakeen maitasunaren sua. Zerbait zuen berezi bisitari hark, auzokoek ez zutena: xarma, kimika, dotorezia, harekin zeraman artea… batek badi, Segunda berak ere ez zuelako jakingo zer gertatzen zitzaion, ikustean ez zela gauza mutil berezi hura bere uneoroko irudimenetik baztertzeko.

Eta ur bila joaten zen, irrikaz, plazan zegoen iturrira. Ahalik eta gehienetan, helburua ondoko pilotalekuan zegoen Jose ikustea zelako. Aitzakia ederra zeharkako bisita haietarako. Y tanto ir el cántaro a la fuente… Arrue ere desarmaturik geratu zen Segunda gaztearen xarmaren aurrean, ezinean, lilurak sorginduta, neskatxa hari eskainiak bere bihotzeko taupada azkar guztiak. Eta ez dakigu zein une ezkutu ederretan, biziarteko maitasuna eskaini zioten elkarri, hainbatetan amestutako lehenengo musua tartean…

Denbora aurrera zihoala, Jose, Segundarekin ez ezik, Orozko herriarekin ere joan zen geroz eta gehiago maitemintzen, bertan aurkitu zuelako joaten ari zen Euskal Herri tradizional haren esentzia, bere arte-lanetarako aspalditik bilatzen ari zen inspirazio-bidea. Horregatik, margo guztiak Orozkoz bete zituen, bere pintura-teknika trebe eta airosa arimadun, bizi eta hilezkor bihurtuta. Ondorioz, nekez interpretatu ahal izango dugu gure euskal margolariaren lana Orozko aipatu barik.

Orozkon ase zuen euskaldunon herria irudikatzeko zuen egarri artistiko eta politikoa. Eta beste inork ez bezala, maisuki batu zituen egoera tradizional idealizatu batzuk bere obretan, ikusteko estreinako euskal entziklopedia modukoa eginda.

25 urte zituela berriz aukeratu zuen Orozko ezkontzeko, eternitatera arteko maitasunari zilegitasuna emateko. Ezin izan zuelako ospakizun horretarako leku ederragorik idealizatu. Sanantolin jai batzuen erdi-erdian, 1910eko irailaren 3 zapatuan… ez da kasualitatea.

Orozkon, zelan ez, jaioko ziren bere alabak. Eta Orozkora itzuli zen familia aterpe bila, I. Mundu Gerrak Parisen bizitzen ari zirela harrapatu zituenean.

Orozko eraman zuen inspirazio iturri eta ikur gisa mundu osotik, bere azken arnasa 1977. urtean bota zuen arte. Beldur barik esan daiteke Jose Arrue dela Orozko herria munduan gehien zabaldu duen pertsona. Paisaia fisikoak eta paisaia humanoak, bietan zelako joria Bizkaiko udalerria.

Poztekoa da, beraz, mende luze bat igarota, berriz piztea sanantolinetan Jose Arrueren eta Orozkoren arteko harreman sentimental hura. Oraingoan, betikoa izatearen esperoan.

ETA ORAIN?
Nik, neure aldetik, ezer gutxi eska dezaket gehitzeko. Pozarren nago egindako omenaldiarekin, nola ez. Agian, zerbait eskatzeagatik, Orozkokoa bezalako aitortza faltan dudala Laudion (bere azken urteak bertan eman zituen) eta Bilbon, bere jaioterrian. Beno… Abando errepublikan, Josek behin eta berriz errepikatzen zuen moduan…

Ondo izan, Jose eta Segunda. Agur eta ohore…

 

 

 

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *


*