Pabloren ogi magikoa

Pablo Azkoaga eta Gabonetako ogi miresgarria

Eguna argitu gabe zegoen oraindik, atzo Orozkoko Presatxu baserrira heldu nintzenean. Urrutitik ikusten ziren etxeko tximiniatik irteten ziren ke-ilarak, izartegiko gau beltz mugagaberantz igotzen. Ogi usainekoak izango ziren… eta maitasunez eta patxadaz egiten zuten gora, bizitzearekin nekatuta dauden zaharrek arnasketak egiten dituzten bezala.

Banekien bestetik zertara nentorren, denbora luze neramalako une horren zain: urteko ogi bereziena erosi behar nuen nire etxera eta etxekoei hainbatetan iragarritako zori ona, zoriona, eramateko. Horregatik, hain une berezia izanda, Zerua eta Lurraren arteko zilbor-heste bat bezala interpretatu nuen ke hari luze eta arranditsu hura. Dudarik gabe, hantxe zerbait berezi, miresgarri, gertatuko zenaren seinale. Eta halaxe izan zen: ogi bat ez ezik, kultura oso baten transmisio bat jaso nuelako bertan.

Goizetik egon behar nuen Bilbon, 9:00-10:00 bitartean, Radio Euskadin (Almudena Cachoren Más que palabras irratsaioan) hitz egin behar nuelako. Hain zuzen ere, gure Gabonetako herri-ohiturei buruz, noiz eta abenduaren 24an.

Hasiera-hasieratik kontatu nien bertan zeudenei emozioz hunkituta nentorrela, mozkortuta, nire usteko euskal kulturaren azken altxor-gune bizitik nentorrelako. Ez dut uste ulertu nindutenik hirietan beti hiltzen direlako, itota, horrelako emozioak. Eta nola jazo zen hori guztia? Kontatuko dizuet…

Atzoko gau berezian (abenduaren 24koan) ogiak ahalmen magikoak eskuratzen ditu erritual ezagun baten arabera egiten bada: afariko ogia moztu eta berehala, zati bat gorde behar da mahai-oihalaren azpian ospakizunak dirauen bitartean. Gero, nonahi gordeko da urte osoaz, zorigaitzaren kontra babesteko ahaltsua delako oso: ibai-uholdeak baretzeko, itsaso zakarra lasaitzeko eta, batik bat, txakurren amorru-gaitza sendatzeko. Iaz luze hitz egin genuen hartaz: Pan, magia y rituales en Nochebuena.

Aurten ere, erritual bera berriz bete behar genuenez ogi berezi baten bila joan nintzen Presatxu izena duen etxe hartaraino. Berezia ogia bai, soberan… baina batez ere egiten dutenengatik.

Hantxe zeuden, lo gutxi eginda, inoiz ezagutu ditudan senar-emazte berezienak: Pablo Azkoaga (1929) orozkoarra eta Julia (1941) zugarramurdiarra. Aspaldiko laguna dut Pablo sintonia berean gabiltzalako beti kontu zaharren berbaroa entzuteko irrikaz. Hantxe ditu Pablok ikusgai bere taloaska, behien adarrak zuzen jartzeko zurezko tresna bat, Untzueta mendiko gaztelua erasotzeko erabili ziren harri-bolak eta beste hamaika gauza, beti bisitariari erakusteko gogoz eta pasioz. Ez dago horrelako beste okinik mundu osoan.

Julia eta Pablo

Baina bakarrak dira, aldi berean, euskal kulturaren azken gordailu direlako etxe hartakoak. Beste inon sinesten ez diren kontuei eusten dietelako oraindik. Eta iseka egiten badiete ere aurrera egingo dute irmo, eurena txarra ez dela jakitun. Nahikoa da gaia aipatzea Pablo kontu-kontari hasteko jentilekin bizi izandako istorioez. Goragoko Untzuetan mendian zuten bizilekua eta normala da berak hain berezkotzat sentitzea. Eta behin eta berriro kontatuko digu, harriduraz, ez duela inon aurkitzen etxean betidanik eduki duten ohe gaineko koltxa ederra, Mariortu etxeko emaginak erabili zuena Jentilzulo harpeko jentil emea erditzen jarri zenean. Nork gordeko edo botako zuen koltxa hura… beti egon da etxean eta orain, eztabaidetan froga moduan erabili nahi denean, ez dago aurkitzerik!!

Seguru nago, bestetik, Julia eta Pablo izango direla Euskal Herri osoan jentilak ikusi izanaren azken testigantza emango diguten pertsonak. Azkenak dira eta azkenak izango dira…

Horregatik atzoko egunsentiko ogi ha, magikoa izateaz gain, bedeinkatua ere izan zen, euren eskuetatik pasatze soilarekin zeruko grazia guztiak beretuak zituelako. Eta nik haserrearen itxurak egin arren, beti bezala, oparitu egin zidan Pablo egoskorrak bere ogia, badakielako euskal kulturan ahalmen magiko handiagoa dutela oparitutako gauzek. Ahal zuen neurrian, eman ziezadakeen onena entregatu nahi zidan.

Ez dakit zelan kontatu hangoa, zer sentitu nuen bertan negoela… une hunkigarria, berezia, liluragarria, arima astintzen dizuten horietakoa. Ze bizipen ahaltsuak, ze diru-aberastasunak iraintzeko modua…

Bilbora irrati-saiora joateko iraduz nenbilela esan arren han zebilen Pablo esaten nola ez zitzaidan urdinduko Gabon gaueko ogia. Eta Julia, bere zeregina abandonatu barik, ohartarazten zidan atzo bertan erein behar nituela berakatzak, arratsaldean. Eta ekainaren 23an –beste solstizioan– jaso, benetako sendagaia naturala lortu nahi baldin banuen.

Une batean ihes egitea erabaki nuen. Ezinbestez, Bilboko hitzordua gainean nuelako. Kortesia gutxirekin, handik alde egitea neketsua izaten delako beti: bai ala bai beste zerbait irtengo da hantxe lotzeko. Amaiera ezinezkoko ipuinak direlako Presatxun kontatzen diren guztiak…

Bilborako bidean hasi nintzen ohartzen hartutako ogi horren atzean ez zegoela jaki soil bat. Ezta Gabonetako elementu berezi eta magikoa. Ogi hura oparitzean, bere eskua nirearekin estutzean eta botatako begiradetan ihes egiten zaigun mundu oso bat eman nahi izan zidan: berea, jentilak basotik jauzika dituena, harri bixiz eta ohitura eta sinesmen zaharrez betetakoa… Badakielako gure artean egongo ez denean, betiko galtzeko arriskuan izango dela oraingoan niri eskaini nahi izan didan mundu oso hori.

Eta irratian hitz egiten hasi, gustura, baina… ordubete lehenago sentitutakoa burutik kendu ezinean. Hala, mikrofonoaren aurreko hitzek lotsagarri utzi ninduten, ez zirelako handitasun nahikokoak izan bihotzak sentitzen zuena adierazteko.

Halaxe izan zen, bai, eta jazotakoaren fedea ematen dut hemen: abenduaren 24ko eguna urratu aurretik, Lurra eta Zerua elkarri lotzeko lerro zuri haren seinalea ikusi nuenean…

 

Artikulu guztiak

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *