Arakaldoko gotorlekua

= GAURKOA BEZALAKO EGUN BATEAN =
Abuztuaren 23a… Aurten, hori bezalako egun batean, baina duela 177 urte (1839), Euskal Herri osorako sano garrantzitsua izango zen gertakizun bat izan zen: Arakaldoko “Fuerte de la Fe” gotorlekuaren konkista eta, praktikan, karlistaden amaiera. Goazen ba…

Areta gainean dagoenez eta Areakotzat hartzen denez dokumentazio gehienean (Aretatik ikusgai dago, batik bat), Laudioko leihoan argitaratuko dut. Espero dut oker ez ibiltzea…

= KASTILLO =
Laudioko Areta auzunearen gainean Kukutza izeneko mendi borobil ikusgarria dugu. Inguruko herritarrek “kastillo” ere deitu izan dioten. Zergatik?

Goitizen hori eman zitzaion, hor, karlisten gotorleku bat egon zelako. Baina ez zen edonolako gotorleku, onena baizik: horregatik zioten haren ahalmen militarrean konfiantza izan behar zela; hortaz, eman zioten izena: “Fuerte de la Fe”.

Fe 1

= KARLISTADAK: ZERTZELADA ASPERGARRI BATZUK =
Karlistaldiak, karlista-gerrak edo karlistada izenez ezagun dira XIX. mendean Espainian gertatutako hiru gerra zibil: 1833–1840, 1846–1849 eta 1872–1876. Euskal Herrian lehena eta hirugarrena izan ziren esanguratsuak.

Horietarako arrazoia Fernando VII.aren heriotza izan zen (1833), semerik ez zuelako utzi. Erregetza Maria Kristina emazteak edo Isabel alabak hartzea nahi zuten liberalek (giristinoek eta isabelinoek, hurrenez hurren).

Bestalde, karlistak zeuden eta gizonezkoa izateagatik Karlos infantea, hildako Fernando VII.aren anaia erregetzat zutenak.

Baina zerbait sakonagoa sinbolizatzen zuten: Antzinako Erregimena iraunaraztea modernitate aldakorraren aurrean. Arakaldo, inguruko herriak bezalaxe, erabat karlista zen.

kukutze

= GOTORLEKUA =
Arestian esan bezala, Arakaldoko gotorlekua ez zen edonolakoa. Lehenengo karlista-gerran Bizkaia defendatzeko artilleria-gune garrantzitsuena zen eta horregatik “Fuerte de la Fe” (‘Fedearen gotorlekua’) izena eman zitzaion, leku horren ahalmen militarrean konfiantza osoa eduki behar zuelako karlisten armadak.

Gotorleku hau erabili zenerako (1839), gainbeheran zegoen karlisten ahalmen militarra, urte batzuk lehenago (1835) hil zelako euren erreferente nagusia, Tomas Zumalakarregi jenerala.

Liberalen armadaren buru ezagunena, Baldomero Espartero zen, gerora, Espainia erregeordetzan gobernatu zuena.

= GOTORLEKUAREN KONKISTA =
“Fedearen Gotorlekua” diseinaturik zegoen Altubetik edo Urduñatik etor zitezkeen gudarosteei aurre egiteko, horiek baitziren bide nagusiak.

Baina Aretxabala mariskal liberalak atzealdetik planteatu zuen erasoa, Arrankudiagatik, babestu gabe zutelako. Tropa liberalak Sodupetik eta Laudioko Ermuko Santa Luziatik zetozen.

Konkista 1839ko abuztuaren 23an burutu zen eta, Urkiolan zegoen Espartero jeneralak, entzun ei zituen ospakizun moduan Kukutzetik botatako kanoikadak.

Batalla%20de%20Lácar B tx

= FEDEA GALDUTAKO FEDEDUNAK =
Tokian zeuden karlistek Untzueta menditik gora egin zuten ihes, hala moduz, eta bertan utzi behar izan zituzten artilleria-piezak, munizioa eta abar.

“Teniendo hoy la singular satisfacción de haber ocupado el reducto de la Fe situado sobre Aracaldo y Areta en donde se ostenta la bandera de la Reina. (…) forzados a retirarse para la defensa de este fuerte (…) han tenido que abandonarlo después de volar su repuesto de municiones dejando en nuestro poder cinco piezas de grueso calibre, dos morteros y un considerable balerío sólido y hueco e infinitas riquezas del parque” idatzi zuen 1839ko abuztuaren 23an M. Aretxabala mariskal liberalak.

Arakaldoko gotorleku sinbolikoaren galeratik zortzi egunera Rafael Maroto karlista eta Baldomero Espartero liberalaren arteko Bergarako besarkadan gauzatuko zen gerra-amaiera eta, harekin batera, euskal foruen galerarako abiapuntua.

Orain ikurriña bat baino ez dago han, lau haizeek astindua, duela 177 urte gaurko egunean gertatukoaren oroigarri.

Nafarroako-Bandera-Kukutze-mendian