Berria egunkariaren diru-laguntzak

%14 murriztu Eusko Jaurlaritzak Berria egunkariaren diru-laguntza, bere irismena dela-eta. Erantzun moduan, sinadura bilketa abiarazi dute berripaperatik, herritarren babesa bilatu nahian, Jaurlaritzak atzera egin dezan.

indizeaBerria egunkariak behar duen herri babes bakarra da egunkaria erosten dutenena. Horretarako, erosle kopurua handitu behar du. Eta zergatik ez du, bada, erosle edo irakurle gehiago? Euskaraz dagoelako soilik?

Aspaldi utzi zion Berriak euskaldunon egunkaria izateari, eta askok, aspaldi galdu genion konfiantza. Hori da irabazi behar dutena: konfiantza.

Ez diezadatela sal, euskaraz jantzita, beste zerbaiten zerbitzurako sortutako panfletorik, gutxi asko lagunduko baitio horrek gure hizkuntzari. Eta bai, pena bat da euskaldun guztiontzako egunkaririk ez izatea, ezta proiektuan ere.

Esan behar nuen.

Eguneraketa: sare sozialetan irakur daitezkeen kritika zakarrentzat, iritzi ezberdinik onartzen ez duten horiei, agian, komeni zaie Eusko Jaurlaritzak atera duen oharra irakurtzea, baina benetan irakurtzea eta hasunartzea, behean kopiatu dudan hori. Nire ustez, azpimarratzekoa da, alde batetik, Jaurlaritzak 1.300.000 euroko laguntza ematea komunikabide bati, eta bestetik, Berriak berak bere aurrekontua murriztu duela (bai, murrizketak, o!) Jaurlaritzaren diru-laguntza baino askoz gainetik. Zergatik batzuek erruak bilatzen dituzte beti kanpoan?

JAURLARITZAREN ERANTZUNA:

“EUSKO JAURLARITZA DA BERRIAREN BABESLE NAGUSIA

1.301.963 euroko laguntza eman dio Jaurlaritzak Berriari 2014an. Babes bikain hau euskararen erabilera prentsan bultzatzearen alde egiten duten lanarengatik ematen da, eta horretarako babesa ematen jarraituko du Jaurlaritzak.

Eusko Jaurlaritzaren helburu nagusia da euskararen erabilera sustatzea. Honetarako  bideratzen ditugu urtez urte diru laguntza ezberdinen deialdiak. Euskararen erabilera  sustatzeko, Jaurlaritzak euskarazko hedabideak ere bultzatzen ditu urtez urte. Eta ez neurri txikian gainera. Izan ere, 4.875.000 euro jarri ditu aurten honetarako.

Esparru hau lehentasunezkoa da guretzat, aurrekontuetan ikusten denez. Izan ere, 2012tik diru laguntza honen kopuru osoak ez du inolako jaitsierarik izan, nahiz eta diru sarrera publikoak gutxitu egin diren eta, ondorioz, beste zenbait deialdi programek doiketa izan duten. Hedabideen deialdiak 0 beherapen izan du. Jaurlaritzak euskarazko hedabideak babestearen alde egiten duen apustu irmoaren lekuko.

Eusko Jaurlaritzak, guztira, 122 hedabide diruz lagundu ditu aurten: gehien gehienak idatzizko hedabideak dira, eta horien ondoan daude internetekoak, irratiak eta telebistak. Diruz lagundutako idatzizko hedabideak guztira 66 dira, eta hauetatik 45ek iaz baino diru-laguntza handiagoa jasoko dute. Hedabide guztien erdia baino gehiago da iaz baino diru laguntza handiagoa jasoko duena. Eta diru laguntza jasoko dutenetatik 12 hedabide, 2014an sortuak dira. Hau da, berriak dira.

Diru laguntza hauek ematerakoan irizpide aldaketa bat egon da aurten. Orain artean ez bezala, hedabidearen eraginkortasunari eman zaio garrantzia bereziki. Euskararen erabilera jarri dugu dirulaguntzaren erdigunean, hedabideen kontsumoa alegia. Eta zer da hau? Alde batetik, hedabideak duen zabalkundea hartu da kontutan. Bestetik, hedabide horren jardun esparruan dauden kontsumitzaile potentzialak ere aintzat hartu dira. Bi datu hauek erkatuz, baloratu da nagusiki hedabide baten eraginkortasuna. Bere esparruan zenbat eta jende gehiagorengana heldu orduan eta diru laguntza handiagoa jasoko du. Euskararen erabilera sustatzea dugu helburu, eta hedabideen artean ere gauza bera: hedabideen kontsumoa sustatu nahi du Jaurlaritzak. Horregatik, euskarazko hedabideentzako diru-laguntzak ematerakoan irakurlea (edo irrati entzulea edo telebistako ikusentzulea) jartzen ditugu erdigunean, produktua jarri beharrean. Euskarazko prentsa irakurria izatea da Jaurlaritzaren helburua. Horregatik, zenbat eta irakurle gehiago, orduan eta babes ekonomiko handiagoa eman nahi du Jaurlaritzak. Euskararen erabilera helburu. Irakurlea helburu.

Irizpide hau aplikatuz, Berriak 1.301.963 jasoko ditu aurten. Esan behar da, ez dugula ezagutzen inon ere tamaina honetako diru laguntza jasotzen duen beste hedabiderik.

Kontutan hartu behar da ere, Berriaren aurrekontua 484.977 eurotan jaitsi dela aurten. Hala ere, Jaurlaritzaren diru laguntza ez da kopuru berean jaitsi (208.217 euro gutxiago). Berriak berak gutxitu duen aurrekontua baino gutxiago gutxitu da dirulaguntza. Hedabide honek, bestalde, 2013an 2012an baino 60.930 euro gehiago jaso zituen.

Diru laguntza hau ematen duen (1.301.963) erakunde bat ez dago inolaz ere Berriaren kontra. Ezta beste inoren kontra ere. Euskararen erabilera eraginkortasunez sustatzearen alde dago Jaurlaritza. Are gehiago, diru hau emanda, Eusko Jaurlaritzak Berriaren babesle nagusi izaten jarraitzen du. Eta Jaurlaritzak diru hau helburu batengatik bakarrik ematen du: euskararen erabileraren alde egiteko. Ahalik eta eraginkorrenak izan nahi dugu euskararen erabilera sustatzen laguntzerakoan, hedabideen kasuan euskarazko komunikazioa eta euskarazko hedabideak kontsumitzerakoan, alegia. Irakurleen onarpena eta hedabideen kontsumoa dira saritu nahi ditugunak, erabileraren mesedean.

Tokiko hedabideak dira aurtengo diru-laguntzetan gehikuntzarik handienak izan dituzten hedabideak. Arrazoia da euskal irakurle gehienengana iristen direla, eta Jaurlaritzak euskarazko hedabideen kontsumoa piztu nahi du. Leku askotan tokiko informazioa da euskarak gaur egun duen erabilera-gune garrantzizkoa, eta hori babestu eta sustatu behar dela uste dugu.

Euskal hedabide ezberdinen aurrekontuaren %18,72 diru laguntzen bidez finantzatzen du Eusko Jaurlaritzak. Berriaren kasuan, ordea, aurrekontu osoaren %21,38 ordaintzen da. Beraz, bistan denez, Berriak diskriminazio positiboa jasotzen du.

Eraginkortasuna areagotzea da diru-laguntza politikaren helburua. Horri buruz, eta dirulaguntzetarako irizpideak hedabideen kontsumo benetakoari lotzeaz asko eta luze hitz egin da Jaurlaritzaren eta Hekimenen artean. Eta bide hori jorratzen jarraitzea da Jaurlaritzaren helburua. Denak dira beharrezko euskararen erabilera areagotzeko, Berria eta beste 121 euskarazko hedabide edo komunikazio-produktuak. Helburu horretarako eraginkor diren neurrian, Jaurlaritzaren babesa izaten jarraituko dute guztiek: beharbeharrezkoak baitira euskarazko hedabideak, behar-beharrezkoa euskarazko ehundik gora hedabideek betetzen duten funtzioa, behar-beharrezkoa hedabide horiek gero eta kontsumitzaile gehiago irabaztea, behar-beharrezkoa guztion arteko elkarlana, betiere euskararen erabilera areagotzea helburu”.

16 thoughts on “Berria egunkariaren diru-laguntzak”

  1. Egia esan, ez nuen uste erabaki honen atzean Berriaren ildo editoriala gustoko ez izatea zegoenik, baina zure iritzia ikusita zalantzak dauzkat. Euskaldun guztion egunkaria izatea ezinezkoa da, erdaldun guztion egunkaria edo katalan hiztun guztien egunkaria izatea ezinezkoa den bezala. Hori bai, Berria Deia baina askoz anitzagoa eta profesionalagoa dela dudarik ez izan. EAJri ez bazaio gustatzen Berriak daukan ildo editoriala, erraz dauka: batzokietan sosak bildu eta euskaraz egindako beste egunkari bat sortu. Dena den, zuk hartutako irizpide bera hartuta, ETB-1eko ikusle kopuruari begiratzen badiogu, ETB-1 ez da jada euskaldun guztion telebista (ez dakit inoiz izan zen) Itxiko dugu orduan? Eta errepikatuko dizut, Deia baldin bada erreferentea, jai daukagu.

  2. Pues eso, que Martxelo, siempre tan digno, es un funcionario pero puesto a dedo.

    Estas cosas son consecuencia de que nos gastemos 4.875.000 euros en un plan que no tiene sentido, tal y como se ha probado estos 35 años.

    Por mucho dinero que gastemos, los vascos seguiremos hablando cotidianamente la lengua que nos parezca. En este caso, el castellano.

    35 años y las estadísticas siguen bajando. Cada vez somos más los que conocemos el euskera, pero cada vez son menos los que hablan de forma cotidiana.

    Y mientras estas cosas no se regulen de una forma racional, Martxelo seguirá tan chulo dando lecciones morales a los que le pagamos el sueldo.

    1. Beno hasteko, erdalgintzara bideratzen den dirulaguntza guztia kontutan ez hartzea larria iruditzen zait. Izan ere, euskalgintzara bideratzen ez dena, erdalgintzara bideratzen da, ezta? Egin zuk zeuk kalkuluak. Berria dirulaguntzetatik bakarrik bizi dela eta soldata guk ordaintzen diogula… en fin, gezurra da (eta eskerrak): http://www.berria.eus/albisteak/96969/arregi_irismen_irizpide_horietan_oinarritzen_den_politikak_ez_du_nahikoa_babesten_berria.htm

      Bestetik, Jaurlaritzaren planak emaitz hobea izango luke espainolak duen lege babes eta ikasteko derrigortasuna izango balu eta noski, planean jarritakoa beteko balitz. Hobetzeko ikaragarri dago beraz. Plan horrek zentzurik ez duela diozu, baina blog honetakoa ulertzeko gai izan zara. Eta zu bezela beste hainbatek ere aukera hori du, ondo esan duzun bezala. Zuk diru aldetik begiratu eta gastu bezala kontsideratzen duzu, nik inbertsio bezala. Ez ditu behar adina fruitu eman baina emango ditu hobetzen doan einean. Orain arte erabilerari ez zaio azken urteotan eman zaion bezain garrantzia eman eta espero dut hemendik aurrera emango zaiola. Zu bezelako hiztun potentzialak sortu dira, aukera hori baliatzen jakiten asmatu behar dugu orain.

      Azkenik, zuk ez duzu igarriko agian baina ni ia egunero behartzen naute espainola erabiltzera, aurrean jartzen zaidan horrek ez dakielako edo ez duelako ikasi nahi izan. Beraz ez esan nahi dugun hizkuntza hitz egiten dugunik, hori ez da eta egia. Berdintasunetik hitz egiteko bi aldeek bi hizkuntzak jakitea derrigorrezkoa da eta.

      Gainerakoan, gorrotoa eta mespretxua besterik ez dario zure iruzkinari. Tristea iruditzen zait bizi zaren inguruko giza ondare eta hiztun komunitate bat horrela baztertzea. Okerrena da gero errespetu falta guri egozten diguzuela… Maite eta gozatu ezazu euskara, onura besterik ez da eta!

    2. Bide batez, uste dut zu ere konturatu zarela zer nolako astakeriak bota dituzun. Bestela zure izen abizenez sinatuko zenuen zure iruzkina.

      Zein erraza den anonimotasunetik astakeriak esatea! Hurrena aurpegia eman, ez duzu eta erantzutea ere merezi!

  3. Lehenengo eta behin, hemen botatako iruzkinen tonua eskertu nahi dizuet.
    Bigarren, gustatuko litzaidake, bloga euskaraz dagoen neurrian, iruzkinak ere euskaraz izatea.

    Irismenari dagokionez, uste dut oso ondo azaltzen duela Jaurlaritzak bere oharrean, ezer gutxi eransteko.

    Eta azkenik, Berriaren ildo editorialari dagokionez, jakina, ez dago arazorik, nahi duena izan dezake. Esaten dudan gauza bakarra da gero ezin didatela saldu euskaldunon egunkaria denik, ez baita horrela, ildo politiko jakin bat du. Eta ildo politikoa daukan neurrian, libre gara gure ideiekin bat datozen komunikabide pribatuak kontsumitzeko, ez al da horrela?
    Ahaztu gabe Berriak bizirik dirauela laguntza publikoei esker.

    Hainbeste zalaparta ateratzen ari diren guztiek Berria erosiko balute egunero, akaso…

    Besterik ez, uste dut erraz uler daitekeela zer esaten dudan.

    Eta berriro diot, milesker errespetuko tonuagatik, beste foro batzuetan antzeman ez dudana

    1. ez dakit jakitun zaren, baina Berriaren irismen maila, proportzioan, DEIAk duenaren oso antzekoa da.
      Eta uste dut nabari dela ez dituzula euskarazko hedabideak ezagutzen. Esaidazu, bat bakarra, diru-laguntzarik gabe, “negozio-eredu” klasiko batean bizirauteko gai dena. Ezinezkoa da euskararen ezagutza %25ekoa den eremu batean. Ez eskatu lor ezin daitekeen helbururik, eta gero ez lortzeagatik linea editoriala kritikatu. Hori tranpa da. Ondo segi

  4. Zure logika ez dut ulertzen. “Nire ustez, azpimarratzekoa da, alde batetik, Jaurlaritzak 1.300.000 euroko laguntza ematea komunikabide bati, eta bestetik, Berriak berak bere aurrekontua murriztu duela (bai, murrizketak, o!) Jaurlaritzaren diru-laguntza baino askoz gainetik” diozu.
    Hau da, ezin da Jaurlaritzaren murrizketa salatu Berriak berak bere aurrekontua murriztu duelakoz. O.o Horrexegatik beragatik, diru falta dagoelakoz, Jaurlaritzak ez luke %14ko murrizketa egin beharko. Ezta?

    1. Esaten dudana da Berriak diru iturriak aurkitzeko erantzukizuna ere baduela, eta hori irakurle gehiagorekin lortzen dela, egunkari gehiago salduta alegia.
      Eta gero, Jaurlaritzak dioen bezala, euskarazko hedabide gehiago badago, zer nahi du Berriak? Horiek sosik gabe uztea eta monopolioa sortzea? Logikoa iruditzen zait tokiko hedabideei ere laguntza handiagotzea, agian, bide horretatik, errazago heltzen delako euskal irakurlearengana.

      1. Nik uste Berriak eta euskal hedabideek orokorrean nahi dutena, sektoreak duen estrategikotasuna kontutan hartu eta behingoz egin behar den inbertsioa egitea dela. Eta ez bata bestearekin konfrontatzeko dirulaguntzak aurkeztea…

        Publizitate instituzionalean ere adibidez nola jokatzen da hedabide bakoitzarekin? Nori ematen zaio garrantzia?

        Eta bestetik, euskarazko egunkari nazional bakarraren proiektua konpara al liteke tokiko hedabideekin? Ez al dira proiektu desberdinak eta beraz desberdin tratatu beharrekoak? Sektorearekin adostu gabeko dirulaguntzak komeni al dira, sektorea beraren egoera ikusita? Zergatik hartu da enpresa aholkulari batek gomendatu dionaren kontrako jokabidea?

      2. “euskarazko hedabide gehiago badago, zer nahi du Berriak? Horiek sosik gabe uztea eta monopolioa sortzea? Logikoa iruditzen zait tokiko hedabideei ere laguntza handiagotzea, agian, bide horretatik, errazago heltzen delako euskal irakurlearengana”
        Ez dut uste Berriak monopoliorik nahi duenik. Eskatu duen bakarra da orain arteko baldintzekin jarraitzea. Jaurlaritzak tokikoei diru gehiago bideratu behar zaiela uste du? Fenomeno, nik ere hala uste dut. Baina, orduan, haunditu dezala diru kopurua eta eman diezaiela tokikoei. Ezta? Bati kendu besteari emateko, hori ez da sobera itsurosoa…

        1. Bada Berriak ez zuen eskatu IAZ “orain arteko baldintzekin jarraitzea”, diru-laguntza igo zitzaionean…

          1. Orain dela bi urte jaitsi zitzaionetik zerbait errekuperatu zuen iaz…zerbait

  5. Sare sozialetan erantzunik jaso ez dudanez, blog honetan idazteko erabakia hartu dut.

    Hasteko eta behin, argi dago eta frogatu daiteke, Berria egunkariari egindako murrizketak ez duela harremanik ezarritako irizpide berriarekin. Datu argigarri bat. Argia astekariak ia diru bera jasoko du aurten, eta bitxia bada ere, Berria egunkariak duen irismen/hedapen maila bera du. Bati 200.000 euro gutxiago. Besteari ia 1000 euro gutxiago. Seguru hori dela irizpidea?

    Inaxio Esnaola Aranzadi naiz Hamaika Telebistako kazetaria. Aipamenik egin ez baduzu ere, Hamaika izan da proportzionalki diru-laguntzen banaketan kaltetuena izan den euskarazko hedabidea. Pasa den urtean baino 46.000 euro gutxiago jasoko ditu, 15 lagunen artean egiten dugun telebista euskaldun eta pribatuak. Bai, pribatua da. Hainbat bazkide ditu, tartean da CMN TV enpresa (Deia egunkariaren jabe berarena).

    Eusko Jaurlaritzak beste urtebetez 4.875.000 eurotan mantendu du euskarazko hedabideentzako diru-laguntza. Poltsa horretatik soilik %10a banatzen da euskarazko telebisten artean, guztira 550.000 euro. Berez, eta gainontzeko kazetaritza ereduei erreparatuz, banaketa desorekatua bada, urte honetan irismenaren irizpideak are gehiago desorekatu du. Baztarrika jaunak ondo azaldu du zer den irizpide berritzaile eta onura sortzea helburu duen hori. Kontzeptua definitu du. Ordea, datu eta errealitatearekin ez du bat egin. Horrela, hainbat galdera ditut.

    > Irizpide berria ondo aplikatu al da?
    > Nola uler liteke Hamaikari %20ko murrizketa egitea pasa den urtearekin alderatuta, bere irismena/hedapena euskal hiztun gehien dauden hirietan betetzen bada? (EAEko hiru hiriburu nagusietan dago Hamaika, CIES kanpaina batetik bestera %10 inguruko igoerarekin azken bi urteetan)
    > Nola uler liteke Hamaika.eus atariaren diru-laguntzak ere behera egin izana inoizko Google Analytics daturik onenak eman ditugunean? (2014an, momentuz ia 700.000 bisita eta ikustaldi)
    > Nola uler liteke Goiena eta Goierri telebisten diru-laguntzen igoera nabarmena eskualde bakar bateko hedapena izanda?
    > Nola uler liteke 28 Kanala, Erlo eta batez ere Oizmendik izandako izandako jaitsiera?
    > Nola uler daiteke Baztango Xaloa telebistari, bitxia bada ere, 46.000 euroko diru-laguntza ematea? (Hamaikari kendu zaiona)
    > Irismenaren irizpidea EAEn aplikatzen da, baina nahi denean Nafarroa ere sartzen da?

    Baina kontuz, niri oso ondo iruditzen zait Xaloa bezalako telebista bati dirua ematea. Lan bikaina egiten dute, eta zoritxarrez, Nafarroan ez dute dirurik ikusten momentuz. Eta oso ondo iruditzen zait dirua banatzearena eta telebista bakoitzari benetan dagokion dirua ematea. Ez zaidana ondo iruditzen da irizpide faltsu batekin batzuei kendu eta beste batzuei ematea.

    Orokorrean hitz eginda, ez al da egokiagoa diru poltsa handitu, egokitu, eta dirua proportzionalki banatzea?

    Bukatzeko, beste bi galdera mamitsu:

    > EAJ gobernura itzuli zenetik zenbatean hazi da Noticias taldeko egunkari, web atari eta irratietan publizitate instituzionala? Irakurle edo entzule kopuruarekin bat egiten ez duela esango nuke.
    > EITBk 124,6 milioi euroko aurrekontua izango du 2015ean. Irismen irizpidea ezin da aplikatu funtzio publikoan?

    Aldez aurretik mila esker zure erantzunarengatik.

    1. Ondo egingo zenuke galderak egoki den arduradunari egingo bazenizkio.
      Eta horrela, iruzkin orokor gisara, ni ere euskara sustazeko “diru-poltsa” handitzearen alde nago, ahal denean.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *


*