Berria egunkariaren diru-laguntzak (2)

Aurreko blog-sarrerak sortu zuen zurrunbiloaren harira, uste dut merezi duela, gaia ixteko, datu batzuk birpasatzea eta zenbait hausnarketa plazaratzea.

Alde batetik, inportantea da aipatzea Berriak bazekiela zeintzuk izango ziren diru-laguntzaren irizpideak ebazpena atera aurretik, albistea ere atera egin zuten aurtengo ekainean (ikusi hemen), baina asaldatu egin dira pastel puska txikiagoa ematen zitzaiela konturatu direnean.

10410317_397173003768179_4187015462129024327_nHorri lotzen badiogu krisi garaian, diru-sarrerek behera egiten dutenean (eta Berriak ondotxo daki hori ia 500.000 euro jaitsi duelako bere aurrekontua), diru-laguntza hauen poltsa bere horretan mantendu egin dela, alegia, ez dela tantatxo bat ere murriztu, baina 12 hedabide gehiago egon direla poltsa horretatik dirua jasotzeko… ba berekoikeria puntu batez hitz egin ez badezakegu behintzat, antzeko zerbait egongo da hor tartean. Eta berriz diot, Berriak murrizketak egin ditu, bai, egoera txarra delako guztiontzat, jakina, baina egoera horretan, ez al dute txikienek bultzada handiagoa merezi edo behar? Berriak ondo daki zer den txiki izatea beste hedabide batzuekin erkatuta, baina poltsa honen barruan, bera da handiena eta eredugarri jokatu beharko lukeelakoan nago, ez tokiko hedabideen etsai. Kontuan izan, guztiok dakizuen moduan, elkarteren baten bazabiltzate behintzat, diru-laguntzak ematen direla aurkeztu egiten den aurrekontu edota proiektuen arabera, eta urte batetik bestera alda litezkeela.

Ez dago gaizki gogoratzea, halaber, diruz lagunduen dagoen hedabidea dela Berria, %21,38ko finantzazioarekin, gainerakoak %18 inguruan dauden bitartean. Horrek, zifra borobiletan, 1.300.000 euro esan nahi du. Hedabide bati 1.300.000 euro ematen dion erakunde bat hedabide horren aurka dagoela esatea ere ez du oso koherente ematen. Eusko Jaurlaritza da Berria egunkariaren babesle nagusia.

Beraz, Jaurlaritza ez dago inoren kontra, bai, ordea, euskararen erabileraren alde. Eta hementxe dator guztion ahoetan egon den irismenaren kontu hori. Zer da, bada, irismena? Lau hitz: irakurleak dira hedabideen epaile. Hau da, euskarak irakurleak behar ditu, eta ematen du egoki dela horren araberako diru-laguntza ematea ere, honako hauek euskara sustatzeko diru-laguntzak direlako.

Zer hartzen du kontuan irismenaren irizpideak? Bada eremu baten, zenbat euskaldun hartzaile dagoen, eta horietatik, zenbatek kontsumitzen duen hedabide jakin bat. Baina, horrela, gordinean, bidegabekeriaren bat ere sor lezake, eta hain zuzen ere, horregatik, hiru faktore zuzentzaile aplikatzen dira:

  1. Hedabidea ordainpekoa bada, puntu gehiago emango zaio (kontxo! Berria ordainpekoa da)
  2. Eremu handiko hedabide batek zailtasun gehiago duenez, horrek ere puntu gehiago ditu (kontxo! Berriaren eremua nazio osoa da).
  3. Irizpide guztiak aplikatuta, hedabideren bat ez balitz aurreko urteko diru-laguntzaren %80ra helduko, gutxieneko %80 hori bermatu egiten zaio.

Horrela, aurtengo deialdian sartu diren hedabideen erdiak baino gehiagok iaz baino diru-laguntza handiagoa jaso dute. Eta hori poztekoa da, Berriarentzat izan ezik.

Irismenaren irizpidea aplikatu barik ere, iazko irizpideak hartua, Berriak 111.000 euro gutxiago jaso behar zituen aurten, hain zuzen ere lehenago aipatutako aurrekontu murrizketagatik. Beraz, irizpide berrien eragina Berriaren diru-laguntzan 97.000 eurokoa izan da, inondik inora ez da izan 210.000 eurokoa.

Eta datu horiek guztiak bota eta gero, hausnarketarako beste kontu pare bat:

– Gipuzkoako Foru Aldundiak, 2012 eta 2014 artean, murriztu egin du euskararako aurrekontua, gutxi, baina murriztu egin du. Eta ulertzekoa da, diru-sarrerak jaisten ari diren honetan, aurrekontuak doitu behar izatea erakunde bat kudeatzea egokitzen zaizunean. Baina Jaurlaritzak ez du murriztu partida hau, eta hortaz, arazoa zein da? Murrizketa ala Gobernuaren kolorea?

– Berriak nahi duen ildo editoriala izan dezakeela garbi dago, baina irakurleak behar ditu, eta euskara da erakutsi egiten duten bandera eta kausa. Hori hala bada, eta irakurle edo harpide gehiago bilatzeko bide horretan, ez al lukete ondo egingo euskaldunon aniztasuna hobeto islatuko lukeen egunkaria idazten saiatuko balira, guztiok gustura irakurriko genukeena? Diru-laguntza hauek euskara sustatzeko baitira, hau da, euskal irakurle gehiago egoteko, eta ez ideologia bati edo besteari hauspoa emateko.

Eta hain zuzen ere, bi hausnarketa horiek eginda, garbi dago, inoiz garbi egon ez bada, euskarak behar duena lehia politikotik at geratzea dela. Euskararen bandera hartzen badugu, batzuek zein besteok, elkarri jipoitzeko, batzuen euskaltzaletasuna kolokan jartzeko edo besteen abertzaletasuna, jai daukagu hemen, euskara aterako baita galtzaile, argi, garbi eta nabarmen.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *


*