Matxismoa kirolean

Normalean, Espainiako kirol esparruak, gure euskal talde edo kirolariei ez dagokien heinean, ez dit aparteko interesik sortzen, ikuskizunaz gozatzetik gora ez, bederen. Baina tenisean piztu den polemikak zur eta lur utzi nau.

Honezkero ez baldin badakizue zer gertatu den, labur-laburrean esango dizuet: Espainiako Tenis Federazioak, Davis Kopan jasandako porrotaren ostean, Gala Leon izendatu du Espainiako taldeko kapitain. Gala Leon emakumea da, argitzen dut, bada ez bada ere.

Gala-Leon-en-una-imagen-de-201_54415324149_54374916805_576_694
Gala Leon

Hortik aurrera, tenislari, kazetari eta entrenatzaile batzuek botatako iruzkinek Torrente bera ere gorrituko luketelakoan nago. Antza, denbora luzea ematen dute jokalariek aldagela barruan, eta hango giroa hain da berezia, hain da pribatua, eta hain da garrantzitsua jokorako, ezen emakume entrenatzaile/kapitain batek zapuztuko lukeela Nirvana hori eta hankaz gora jarriko guztia. Berdin dio zer prestakuntza duen emakume horrek, berdin dio nolako karisma edo nolako egokitzeko gaitasuna, emakumea da eta ez diote hori barkatzen.

Eta gauzak alderantziz gertatzen direnean? Non daude aldagelako giroaren argudioa eta antzekoak? Hartuko ditugu, adibidez, saskibaloia edo futbola: zenbat entrenatzaile gizonezko dago emakumeen taldeetan? Eta ez elitean bakarrik, nork entrenatzen du zuen alabaren futbol, saskibaloi, eskubaloi, waterpolo edo bestelako kirol taldea? Kasuren baten emakume batek agian, baina gehienetan?

Ba hemendik, txoko apal honetatik, txalotu nahiko nuke Espainiako Tenis Federazioak hartutako erabakia. Ez dakit emaitza onik izango duten kirolari soilik dagokionez, baina emakumeen parekidetasunerako borrokan, halako erabaki ausartek (bai, ausartak dira oraindik, zoritxarrez) begien bistan jartzen digute emakumeak ere badirela gai gizonezkoenak izan diren edo diren arloetan burua adorez sartzeko eta oztopoen gainetik gailentzeko. Eredu dira, ez bakarrik emakume guztientzat, baita gizonontzat ere.

Eta Gallardonek dimititu du. Zer ondo!

- Azken orduko eguneraketa: [Enlace roto.] bikiniz jantzita jolasteari uko egin zieten euskal eskubaloi jokalariei. Albisteak pilatzen zaizkigu arlo berberaren inguruan.

Polita izan da iraun duen bitartean

Ez dut Espainiak bizi duen egoera ekonomiko larriaz eta Espainiak Euskadirentzat suposatzen duen kargaz hitz egin nahi. Dagoeneko, oso gutxi izango dira horretaz konturatuko ez zirenak. Atsekabez atsekabe goazenez, gaur bestelako atsekabe batekin gosaldu dut, eta horretaz hitz egin nahi nizuen. Kirol albistea da, baina kirolaren gainetik ere badago.

Honezkero asmatu ez baduzue, bada ez bada beren beregi aipatuko dizuet. Dirudienez, Euskaltel-Euskadi txirrindularitza taldeak, Igor Gonzalez de Galdeanoren zuzendaritza berripean, bere harrobia mundura zabaltzea erabaki du. Mundu globalizatuaren errealitatera egokitzea dela diote, lehiakortasuna hobetze aldera.

Txirrindulari-tasarik existituko balitz, seguru nago Euskadik munduko altuenetarikoa izango lukeela, hau da, biztanle bakoitzeko txirrindulari gehien daukaten herrien artean legokeela, lepoa jokatuko nuke eta ez nuke galduko. Zuek ere pertzepzio hori duzuelakoan nago; Euskadik txirrindularitza maite du, eta milaka txirrindulari dauzkagu gure bideetan asteburuz-asteburu. Hortaz, Euskaltel-Euskadik ba al du benetako beharrik bere harrobia (sarea esango nuke nik) mundura zabaltzeko? Ezta pentsatu ere!

Euskaltel-Euskadi ikur bihurtu da azken urteotan gure artean, ia-ia Athletic futbolean izan daitekeenaren pareko arlo batzuetan, baina gainetik beste askotan. Gure herriaren izena zeraman nazioartera (Euskadi, Basque Country edo Pays Basque) eta herri osoa batzen zuen taldearen helburuen inguruan. Herri osoa batzen zen Prinioetako errepideetan zein telebista aurrean, Euskaltel-Euskadik herria bera ordezkatzen zuelako, herria eta bere balioak: adorea, indarra, sufrimendua… beti maldan gora, baina bizirik.

Eta zer geratuko zaigu orain erabaki berriekin? Euskaltel-Euskadi beste talde bat izango da, bat gehiago. Niretzat hil egingo da Euskaltel-Euskadi talde bezala, ikur bezala, eta bai, Tourra ikusten jarraituko dut, baina euskaldun batek irabazten duenean bakarrik poztuko naiz, gerta bailiteke Euskaltel-Euskadik etapa bat irabaztea eta irabazlea euskalduna ez izatea edo herri honekin zerikusirik ez izatea.

Hortaz, nire esku balego, eta Euskaltel-Euskadik globalizatzea erabaki duenez, edozein dirulaguntza publiko kenduko nioke. Bila dezala finantzazioa enpresa pribatuen mundu globalizatu eta lehiakorrean.

Agur Euskaltel-Euskadi, polita izan da iraun duen bitartean…

 

Euskaltel-Euskadi, español!

Nola da posible? Euskal talderik puru eta euskaldunenak, Euskaltel-Euskadi, Espainiako Itzulian eta Frantziako Tourrean lehiatzeko atrebentzia izateaz gain, ez du inolako protestarik egingo Espainiako Itzuliak Euskaditik pasatu behar duelako? Sinestezina!

Kalean mundu guztiak komentatzen duen zerbait da: tabernetan, txokoetan, lagun artean, lanean… guztien ahoan dago Espainiako Itzulia Euskaditik pasatuko dela. Kirol proba espainiar bat Euskadin? Nola da posible?

San Mames, Anoeta edo Reyno de Navarran (betiko Sadar) ez dago astebururo Espainiako txapelketarik jokoan.

Estadio horietan ere ez da Espainiako Erregearen Koparik jokatzen.

Miribillan, Buesa Arenan edo Ilunben, gure saskibaloi taldeek triangularra jokatzen dute urte osoan zehar.

Arraunean “Bizkaiko Txakolina Liga” jokatzen da aspaldi, eta ez aintzinako “Liga San Miguel” hura.

Eta jakina, euskal zalerik ez dagoenez Frantziako Tourra Pirinioetatik pasatzen denean edo Espainiako Itzulia gure mugetatik gertu igarotzen denean, trabak jarri behar zaizkio kirolari Euskadin, hau ez delako Espainia, argi eta garbi. Eta argi eta garbi utzi behar dugu oihaneko tximinoarena egiten. Frantziako Tourra Donostia, Atarrabi, Iruñatik… pasatu da, eta ez dut uste inork hiri/herri horiek Frantziako mugen barruan sartu dituenik.

Ikurrinak balkoietara eta kalera atera gure Euskaltel talde laranja animatzeko, baina argi eta garbi utzi nahi baduzue hau Espainia ez dela, atera kalera eta mintzatu euskaraz, ez dago hori baino froga biribilagorik.

Gainerako guztia, txakurraren putza!

ONGI ETORRI EUSKADIRA, txirrindulariok.

Athletic gehiago eta hobeto

Hori da Fernando Garcia Macuaren hautagaitzaren leloa Athleticen presidente izateko. Euskarari dagokionez, leloak osorik honakoa baitio: “más y mejor ATHLETIC gehiago eta hobeto”.

Egia esan, nahiko kokoteraino nago euskarak folklorekeria kuota betetzeko baino ez balio izatea. Jarrera halako esaldi batekin laburbil daiteke: bueno, bai, euskaldunak gara, eta hortik zehar jarriko dugu zerbait euskaraz, berdin dio zerk eta nola, y cumplimos.

Ondo irakurri duzue Garcia Macua jaunaren leloa?

  • Athletic gehiago: ni behintzat, Athletic bakarrarekin konformatu egiten naiz, nahikoa eta sobera daukagu.
  • Athletic hobeto: hobeto zer? Macuak hobeto egin nahi duela? Athletic hobeto ikusi nahi duela? Gaztelaniazko “mejor Athletic” horretan jartzen badugu arreta, badirudi “Athletic hobea” esan nahi duela.

Nioena, kokoteraino nago folklorekeriaz. Nik gauza bat eskatuko nioke Athleticen presidente berriari, dena delakoari: hartu euskara serio. Athletic Bizkaiko erakunderik handienetarikoa da, eta ia seguru, jende gehien batzen duena. Erakusleiho ezin hobea da euskarari prestijioa eta izen ona emateko. Kontuan izan, mesedez. Errealaren adibidea badaukagu:

Francoren jarrerak hizkuntzen kontra

Uuuuuuf!! Gaiak eta gaiak daude aste honetan idazteko, eta zin dagizuet denbora izan ahala horietaz solastuko naizela.

Baina gaurkoan, Girona futbol taldeko entrenatzailearen, Raul Agné, bideo bat erakutsi nahi dizuet. Bideoan, Aragoin Huescaren aurka jokatu eta gero, katalanez egiten diote galdera bat. Bera, normaltasun osoz, katalanez hasten da erantzuten, baina hango kazetariak arbuiaka hasten dira.

Entrenatzailea minduta sentitzen da, oso nabarmen, eta prentsaurrekoa bukatutzat ematen du. Hemen daukazue:

YouTube Preview Image

Hori da batzuen jarrera Espainian norbaitek bere hizkuntza erabiltzen duenean, eta batez ere, hizkuntza hori gaztelaniaren menpeko ikusten dutelako gertatzen da. Baina Agné bezalako pertsonekin, aurrera pausuak ematen ditugu, halako jarrerak indarrez salatuta geratzen baitira, guztion erakusgarri.

Horrekin nahikoa ez balitz, telebistan ikus daitezkeen hamaika realityen arteko baten, lehiakide galiziar batek honakoa dio: “galegoz hitz egiten duen mutil batek, dena galtzen du”. Xarma edo erakargarritasuna galtzen dituela ulertzen da. Ikusi bideoa:

YouTube Preview Image

Franco hil zenetik urteak pasatu dira, baina jarrera batzuk hartu behar izan ditugu herentzian, eta ez dira galtzen.

Euskal Selekzioa eta inguruko koldarrak

Irakurri dut atzo Gara egunkariak argitaratu zuen Euskal Herriko Futbolarien prentsa oharra. Bihoa aurretik barruak astindu dizkidala testuak, emozionatu eta guzti egin naiz apur bat, eta nire buruari zera esan diot, ostia! Aurrera doaz, pausuak ematen ari dira, gure selekzioa nahi dute eta prest daude edozertarako.

Betidanik behar izan ditugu halako eragileak gure herrian aberrigintzarako, eta gizartean ospea eta entzutea dutenek inork baino gehiago eragin dezakete.

Baina lehen sintoma horien berotasuna epeltzen joan denean, gauzak beste modu batera ikusi ditut eta beste zenbait xehetasun ekarri dut gogora:

1. Egoera eskizofreniko hau guztia ez zen kolore batzuengatik hasi, izen baten lehiagatik hasi zen: Euskal Herria, Euskadi, Euskal Selekzioa… pitokeria galanta. Badakigu zer eta nor garen, eta abestiak dioen bezala: zuri, gorri eta berde gure koloreak, defenda ditzagun mundu guztian.

2. Ofizialtasunerako urrats sendorik ez ematea leporatzen diete jokalariek Euskal Federazioari. Gogora dezagun saltsa honetan, behintzat beste federazio bat badagoela tartean: Nafarroakoa. Eta Iparralderi dagokionez, pentsatzen dut Akitanian Federazioa ere egongo dela. Erantzukizuna zergatik da bakarrik Federazio batena?

3. Jokalarien papera. Ofizialtasuna lortu nahi dutela diote, jokalariak askatasunez erabaki ahal izatea zein selekziorekin jokatzen duen. Baina giroa nahasteaz aparte eta prentsa oharrak ateratzeaz gain, zer egin dute jokalariek? Euskal Herria horrenbeste maite duten horietakoren batek uko egin al dio Espainiarekin (edo Frantziarekin) jokatzeari? Hori ereduarekin lan egitea litzateke.

4. Euskal Herriko Futbolariak talde horrek zeintzuk ordezkatzen ditu? Guztiak? Euskal Herriko jokalarien %100? Noren izenean hitz egiten dute? Hori ere ez zaigu batere garbi geratu.

5. Jokalariek banaka hitz egiten dutenean, euren klubetako prentsaurrekoetan, ez dira hain garbiak, ez dute ofizialtasunez hitz egiten, ez dituzte pausu sendoak aipatzen eta honako hitzok bakarrik darabiltzate: futbolaren jaia, partida polita, giroa, jokatu nahi… Hitz hutsak, inolako konpromisorik adierazten ez dutenak.

Hortaz, bai, futbolariak ados omen daude Euskal Selekzioaren ofizialtasuna erdiesteko helmugarekin, baina Euskal Herriko Futbolariak izenak ematen dien anonimotasunpean ezkutatzen zaizkigu.

6. Eta bukatzeko, prentsa oharra Gara egunkarira bakarrik bidali zuten jokalariek. Hori bai pluraltasun ariketa bikaina, Euskal Herrian beste komunikabiderik ez balego bezala. Horrela helarazi nahi dizkiete euren iritziak euskal gizarteari?

Gainera, hor tartean ESAIT ere ibili zaigu bazterrak nahasten, ez dakit zeren bozeramaile, partidarik ez zela egongo, euren esku bakarrik balego bezala. Horretarako bakarrik bada ere, sentimendu baten monopolioa nahi dutenei ahoa itxi diete jokalariek bederen.

Tira, inuxente-inuxente, oraindik espero dut, nozibait, saltsa honetan guztian denek aurpegia ematea eta benetako irtenbideen bila hastea. Herri honen gehiengoak Euskal Selekzioa ikusi nahi baitu lehia garbian nazioartean, badelako garaia.