EH-Bildu: nola erabili euskara eta umeak kontzientziak astintzeko

EH-Bilduk arazo bat dauka. Tira, ez dakit EH-Bildu esan edo EH-Bildun Ezker Abertzalearekin sartu diren gainerako alderdiek daukaten araz0a. Adibide garbia Eusko Alkartasuna da, noraezean dabiltza, laupabost kargu salbatu nahian.

Bestela, nola uler daiteke, adibidez, 2009an zuzenketa batzuk sinatzea eta onartzea Legebiltzarrean, eta 2013an, hitzez-hitz errepikatzen diren zuzenketa berberen kontra aritzea? 2009an, Haurreskolen Partzuergoan beste hizkuntza batzuk sartzeari buruzko zuzenketaren alde sinatu zuen Eusko Alkartasunak Legebiltzarrean. 2013an, aldiz, EH-Bildu ez da bakarrik aurka agertu, ez, horrez gain, manipulazioa erabili izan dute esateko EAJk gaztelania sartzen zuela haurreskoletan euskararen kalterako. Zirku horretan, hainbat komunikabidek, badakizue zeintzuk, txaloka aritu dira. Baina eskuztatze borobila izan da, Leixuri Arrizabalaga eta Jone Berriozabal legebiltzarkide jeltzaleek [Enlace roto.] batean azaltzen duten bezalaxe. EAJk ez du bere iritzia aldatu 2009tik hona, eta garai hartan, Jesus Maria Larrazabal Antiak, EAko legebiltzarkidea, sutsuki defendatzen zuena Legebiltzarrean, gaur egun EH-Bilduk sutsuki mespretxatzen duen testu bera da. Hortik egongo dira interbentzioetako aktak eta bideoak, bilatu nahi duenarentzat. Nik hau aurkitu dut:

PSEk ere antzeko zerbait egin du, ez pentsa. Horretan berdin dabiltza sozialistak eta bildutarrak. PSEk zuzenketa hori berori sinatu egin zuen 2009an, eta 2013an, EH-Bilduk polemizatu egin duenez, ez du sinatu.

Ez dut ezer asmatzen, hementxe dauzkazue urte hartako eta aurtengo Legebiltzarreko dokumentuen kopiak, berdin berdinak, parez pare jarrita, izenpeak eta datak bakarrik aldatzen dira:

EAJko legebiltzarkideek aipatutako arituluan esaten duten bezala, gainera, EH-Bilduko ordezkariek hobe lukete guztiaren kontra agertzea baino, ez zerbaiten alde agertzea, proposamen zehatzak egitea baizik; eraikitzen laguntzea alegia, edo behintzat, argi utz dezatela zeren alde dauden, jakin badakigulako, arau orokor gisa, EAJk aurkezten duen guztiaren kontra egotea dela euren politika. Eta bazterrak nahastea, noski.

Gezurrak legebiltzarrean

Patxi Lopez buru belarri aritu da gaur bere diskurtsoarekin Legebiltzarrean. Ohiko “bla, bla, bla” hutsalaz aparte, gauza batek deitu dit arreta ikaragarri. Irekiak honela jasotzen zuen bere Twitter kontuan:

Horiexek lehendakariaren hitzak, eta hitz horiek, bi gezur estaltzen dituzte. Alde batetik, ez da egia Ezker Abertzalea legala denik. Sortu alderdiaren kasua oraindik ez da argitu, eta argitu bitartean, ilegala da Ezker Abertzalearen alderdi hori. Gainera, egon badago zerrendetan aurkeztu ezin diren Ezker Abertzaleko kide asko, zerrenda horiek “kutsatzen” dituztelakoan. Hortaz, legaltasuna azpimarratzea, hori guztia Bilduren legaltasunaren azpian estaltzea da, eta gogora dezagun, gaur egun, Bildu beste bi alderdik osatzen dutela: Eusko Alkartasuna eta Alternatiba.

Beste alde batetik, demokrazia eta zuzenbide estatua gailendu direla esan du Lopezek. Hori orain onartzea, bada azken urteotan demokraziak eta zuzenbide estatuak funtzionatu ez dutela esatearen pareko, baina are gehiago, Sortu legez kanpo dagoen bitartean ere, ez dago baieztapen hori inondik inora hartzerik. Gainera, jakin badakigu, Bildu legeztatzea Zapatero eta Iñigo Urkulluren arteko berbaldi eta negoziaketen ondorioz gertatu zela, eta horiei esker, Espainiako demokrazia eta botereen banaketa airean utziz.

Ez dakit zein den Lopezen jokoa, baina argi dago egia esatea ez dela bere planen barruan sartzen.  Orduan, presoak hurbiltzearen aldeko jarrera adierazi duenean, zer esan du? Egia ala gezurra?

Gaizkiaren ardatza: Osama “Bildu” Laden

Obelixen esaldia datorkit burura behin eta berriro: “erromatar hauek erotuta daude”.

Mundua zeharo zoratu egin zaigu. Bakearen Nobel saria duen Obama, Estatu Batuetako presidentea, publikoan agertzen da pertsona bat erail dutela adierazteko, harro-harro.

Bai, pertsona hori Bin Laden da, terrorista gaizto hura; baina zer estatu demokratikok erailtzen du pertsona bat, aurretiazko epaiketarik gabe gainera, eta gero poz-pozik atera jendaurrean Berri Ona ematera?

Hori da arazoak konpontzeko daukagun edo nahi dugun modua? Ematen du baietz, Europar Batasunak belarriekin txalotu baititu Obama presidentearen jarrera eta erabakia. Orain mundua seguruagoa dela diote, ikusiko dugu zer nolako erantzuna ematen duen hemendik aurrera terrorismo islamistak, zoroak edonon aurki baititzakegu. Nik behintzat, hurrengo hilabeteotan, ez nuke Washingtonera doan hegaldirik hartuko.

Eta… A! Gorpua eta guzti zeukan Obamak hortik gordeta hasieran, baina kasualitatez orain itsasora bota dute. Ikusi Zaldieroak Berrian argitaratu duen zinta.

Eta Euskadin bertan ere, badaukagu gure “malomalosoa”; gertatzen dena da, hemen, “malomalosoak” izen ezberdinak eta identitate anitz hartzen dituela besteok despistatzeko. Hartu duen azken izena “Bildu” izan da.

Bildu horren atzean terrorista gaizto asko dago, eta pertsona onez mozorrotutako beste terrorista pila. Denak dira txarrak, denak kaka. Terrorista baten (irakurri “ezker abertzaleko politikaria”) Facebookeko laguna bazara eta Bilduren haueskunde-zerrendan bazoaz… ILEGALIZAU!!! Bada ez bada. EA eta Alternatiba alderdiek ibilbide demokratiko fina daukatela atzetik? AAAAAAAA!!! Sesiente! Zertarako sartu dira saltsa honetan?

Horiek dira Espainian dauden justizia eta demokraziaren kontzeptuak.

Baina mundua zoratzeko modukoa denez, antzeko egoeren aurrean hauteskundeetara normal aurkeztu diren alderdiek, hauteskundeak aurkaratu nahi dituzte Estrasburgon, Konstituzionalak ez badio Bilduri bere oniritzia ematen. Alderdi horiek EA, Alternatiba eta Ezker Abertzalea bera dira (orain lau urte, leku batzuetan bai eta beste batzuetan ez  esan ziotenean, jokoa onartu zuen arren).

Horren aurrean, zoratzekoa den honetan, zer eskatuko diete gainerako alderdiei? Non jarriko diete onargarritasunaren listoia?

Garai latzak datoz, zoratzeko modukoak hauek ere…

NaBai ala NaEz. Zertan da EA?

Gaur Pello Urizarrek, Eusko Alkartasunaren presidentea, esan du bere alderdia NaBai koalizioan izango dela, NaBai ala bai. Eta pozten naiz, bihoa aurretik.

Baina jakina, adierazpenok oparitxoa zeukaten atzetik, gaur egun EAk Ezker Abertzalearekiko duen menpekotasuna agerian utziz beste behin ere. Antza, Pello Urizarrek ez du ulertzen zergatik alderdi batzuek (EAJ imajinatzen dut) boikota egiten dioten Ezker Abertzaleari koalizioan sartzeko, behintzat aukera hori aztertzeko egoera aproposean omen baikaude.

Pello Urizarrek ahazten du, baina, nor izan zen Nafarroan hitzarmen berri bat aurrera eramateko proposamena egiteko gonbidapena luzatu zuen lehena, ezkerreko paktua alegia. Ba bai! Asmatu duzue: Ezker Abertzalea. Eta nortzuei luzatu zien gonbidapena Ezker Abertzaleak? Asmatu duzue berriro ere! Alderdi politiko abertzale guztiei, EAJ izan ezik.

Mesedez, Urizar jauna, bazterkeriaz edo boikotaz hitz egitera baldin bazoaz, jantzi zaitez lehen gertatu den guztiaz. Hala ez bada, ezjakintasuna ematen duzu aditzera, eta informazioa ezagutzen baldin bazenuen baina, beste barik, ezkutatu egin baldin baduzu, oraindik eta ageriago uzten duzu EAren menpekotasuna.

Adeitasunez.

Zenbat eta gorago, uzkia orduan eta ageriago

Eusko Alkartasunak eta betiko Ezker Abertzaleak [Enlace roto.] asteburuan Bilbon islatu den bezala, Euskalduna Jauregian izan den ekitaldian.

Bertan, bide politikoak bakarrik erabiliko dituztela berretsi dute bi alderdiek. Hori bai, ETAri ez diote aipamen zuzenik egin, eta EAk horri men egin dio.

Egia esan, xehetasun “txiki” hori alde batera utzirik, bide politikoak berrestea eta edonolako indarkeria gaitzesten dutela gogora ekartzea beti da poztekoa. Baina zalantza txikia geratuko zaigu, eta espero betiko geratzea: ETAk zerbait egingo balu, zein erreakzio ikusiko genuke? Gogor agertuko lirateke kontra?

efe_20100620_152732_pa4466ea_1Ez nuke beste faktore bat baztertu nahi. Nondik eratortzen da fusio hau? Anaitasun politikoa bakarrik al dago tartean ala biziraute soilak bultzatu ditu honetara?

EAren osasun politikoa oso kolokan geratu zen azken bi hauteskundeen ostean, gizarteak ez baitzien espero zuten bultzada eman. Ezker Abertzalea, bere aldetik, “justiziarekin” hainbatetan topo egin ostean, ezin du astirik galdu, Aralarren itzala baitauka gainean.

Ez da gaizki pentsatzearren, benetan Euskal Estatua bakarrik xede duen mugimendua bada, ongi etorria bedi. Baina alderdikeria hor nonbait badabil ezkutuan, euskal politika gehiago nahasi eta aldrebes dezakeen ekimenaren aurrean egon gaitezke.

Azkenik, Nafarroan gertatzen ari denarekin ere, zer daukagu? Nafarroa Bai koalizioak une latzak bizi ditu, hain zuzen ere EA eta Aralarren arteko barne lehia dela-eta. Ez dirudi oso erraza denik Ezker Abertzalea nolabait koalizio horretan sartzea, eta EAk zelan uztartuko ditu Nafarroako abertzaleengan ilusioa sortu zuen koalizioaren osasuna eta Ezker Abertzalearekin dauzkan hartu eman hurbil berriak?

Euskal Elkarte Autonomoan alderdi abertzaleen atomizazioa larria bada, Nafarroan NaBai-k ematen zuen indarra arriskuan jartzeak, ez du ematen oso aukera azkarra denik.

Ezker Abertzaleak bizirik eta indartsu jarraitu nahi du, eta EAk gora egin nahi du, baina badakigu, zenbat eta gorago…