Txiokatu, bai, baina adi eta zur

500 milioi erabiltzaile omen du Twitter webgune edo zerbitzuak; milioika txio ei doaz egunero Sarera, 65 miloi edo. Zenbaki erraldoiak zalantzarik gabe. Euskal txiolarien kopurua txikiagoa da, jakina; hala ere, estimatzeko zenbakiak dira. Esaterako, honako hau dio Asier Sarasuak Twitterreko euskarazko jarduna – 2016ko datuak eta laburpen-txostena #UMAP CodeSyntax-en blogean berriki argitaratutako sarreraren hasieran (txostena askoz zabalagoa da eta hamaika datu interesgarri daude bertan)

2016an zehar Twitterren jardun duten 15.000 txiolariren txioak aztertu ditugu. Guztira 6,2 milioi txio bota dituzte guztien artean, %42 euskaraz. Egunean, batez beste, 7.000 txio euskaraz.

Xiaobin Liu Flickr-en

Hala ere, 140 karaktereren legepean idatzitako mezuetan, azkar idazteagatik edo, batzuetan erabiltzailea (@) edota traola (#) nahastu egiten direla konturatu naiz, traola gaizki idazten da, ustez erabiltzailea denaren izena egiaztatu gabe jarri eta beste bat da aipatu nahi dena… Urrutira joan gabe, Iñaki Murua bat baino gehiago aurkituko duzu… eta nire profila, berriz, bat eta bakarra, zin dagizut. Inoiz, traola eta erabiltzailea nahastu egin daitezke. Azken honen adibide bat. Duela gutxi Madrilen egindako jardunaldi batzuetan, proposatutako traola #Madele17 izan zen baina izen bereko erabiltzailea ere badago, @Madele17 alegia; batak bestearekin, zerikusi gutxi dutela onartu behar (txiorik egin ez duen erabiltzailea, eta oraindik orain arrautzaren irudia duena).

Txioak idazteaz, Berriaren Estilo Liburuan ere badago pasarterik, arlo hori landu nahi baduzu; Joxe Arantzabalek aspaldi eman zuen argitara Ontsa twitteatzeko bidea. Dena den, eta egunotan izandako auzia dela-eta, dena ez da estilo-kontua: txiokatzeak baduela arriskuren bat ezin ukatu, ezta?

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *


*