Zorionak “Botxotik ziberespaziora”

10 urte bete ditu nire “anaia nagusiak”. Ez dela asko pentsatuko duzu akaso, baina blog batentzat bada; izan ere, urte bakoitza bizitzako zazpi bezala kontatu behar dela esan  ohi dute. Hortaz, erretiro garaian egongo litzateke ia-ia. Nik, berriz, kalkulu berari jarraikiz, indarrez betea egon beharko nuke nire 5 X 7 baliokidetzarekin. Baina ez da beti horrela.

Batzuetan inbiria puntu bat badiodala onartu behar dut; “aitak” arreta handiagoa eskaini izan dio beti, seguruenik zaharrena delako, ni bigarren mailan utzita. Sarriago eguneratzen duela ezin uka, eta neuk dakidala behintzat, ez du umezurtz uzteko asmorik izan; bere urteurrenak ere bereziak dira. Dena den, egia ere bada hizkuntza kontuan argiagoa dela nirekiko jarrera, eta euskararen erabileran neu naiz nagusi; adibidez, edukiren bat partekatzen dugunean, niretzat da euskarazko alderdia.

FireShot Capture-Botxotik ziberespaziora

Bere eskarmentuak asko balio du niretzat eta, nolabait esateko, bidea ere zabaldu egin dit. Errealitate beraren bi alderdi gara, azken finean. Horregatik, eta arrazoi gehiagorengatik, zorionak Botxotik ziberespaziora, eta, sarreraz sarrera, joan zaitez blogosferan bidea urratzen.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *


*