Helduen euskalduntzearen 17/18 ikasturtearen hasiera-ekitaldiak

Bi izango dira helduen euskalduntzearen 17/18 ikasturtearen hasiera-ekitaldiak bihar, ikasturte berriari ongietorria egiteko eta matrikulazio-kanpainak sustatzeko asmoz. Bilbon antolatu du HABEk Euskal Erkidego Autonomokoa;  Nafarroako Foru-Erkidegokoa, berriz, Iruñean Euskarabideak.

Christian Puren izango da Bilbon hizlari; ni neu Iruñean. Bai, halaxe da adiskide hori; ondo irakurri duzu. “Hamaika aukera eskaintzen duen itsasoa” izango da nirearen izenburua. Hona hemen laburpena:

Irakaskuntzaren esparru zabalean –eta, ondorioz hizkuntzen ikas-irakaskuntzan–, irakasle zein ikasleentzat hamaika aukera eskaintzen duen itsasotzat hartu ahal dira teknologiak, oro har, eta horien artean, Internet. Aukera horiek baliatzen jakitea eta gaitasun digitalaren jabe izatea da erronka; areago oraindik, eskakizuna ere izan liteke gizarte honetan. Ikuspegi horretatik, norbere ikas-alorraz (NIAz) zein hori lantzeko garrantziaz jabetzea izan daiteke oinarri sendoa garapen profesionalerako. Testuinguru honetan, ikasgela ezezik irakasle-gela ere gainditzen dute ikasteak eta irakasteak. Hitzaldian erreminta batzuk aurkeztu eta iruzkinduko diren arren, kultura eta pertsonen jardunaren azpian dauden baloreak dira oinarrizkoak, eta ez erreminta jakinak. Hau guztia kontuan hartuta, ziberkomunitateena izan daiteke bizitza osoan zehar ikasteko bideetako bat; parte hartzeari eta partekatzeari erreparatu beharko zaio, beraz. Bestela esanda, Sarean eta sareetan pertsona kontsumitzaile huts izatetik prosumirtuatzaile izatera heltzea da funtsezkoa: jaso, ekoitzi eta partekatzen edota elkarri eragiten dion pertsona. Azkenik, Irakasbil ekimena aurkeztuko da; hau da berorren helburu nagusia: helduen euskara-irakaslearen garapen profesionala sustatzea, bere NIAren atal garrantzitsua izanik.

Nire sare pertsonalean dauden hainbat kide agertuko dira aurkezpenean. Traola bat ere proposatu dugu hala nahi duten txiolariek erabil dezaten: #irek1718na (17/18 ikasturtearen irekitze-ekitaldia Nafarroan laburtu nahiko lukeena).

Iruñeatik agertzen bazara, hurbildu agurtzera. Joaterik ez baduzu, saiatuko naiz Sarearen bidez berri zabalagoa ematen.

 

Euskal blogosfera eta blogariak, osasuntsu?

Joan den astean egin zen Blogetan. Euskal blogarien bigarren topaketa. Azkue Fundazioak, antolatzaileetako batek alegia, gertatutakoa kontatu du sarrera batean. Dabid Martinezek eta Marijo Deograciasek ere hausnarketak eta laburpenak sareratu dituzte. Beste bide bat ere badugu: #blogetan traolari erreparatzea.

Egia esan, ez dut neure burua guztiz islatuta ikusten Azkue Fundazioak egindako inkestaren ondorioetan; maiztasunez idazten saiatzen bainaiz (eta galdeketa erantzun nuen “gutxi” horien artean banagoela aitortu behar). Hala ere, ondorioztatu duten bezala, badut alderdi teknikoan (gaitasun digitalean nahi baduzu) zer hobetua. Are, horrelakorik esaterik badago, blogarien eskola zaharrekoa naizela konturatu naiz jardunaldian, nire sarreretan idatzia izaten baita nagusi. Dena den, ez ahaztu zein den blog honen izenburua.

Bestalde, badago auzi bat , “euskal” adjektiboa agertzen denetan. Aspaldi idatzi nuen bezala (2008an eta 2013an), Imanolen “nire euskaltasuna” datorkit gogora, baita Hibai Rekondoren “nor da euskaldun” abestia ere. Beste adibide bat: blogosferako auzotxo honetan, Ugaitz Zabalak ere idatzi zuen gaiaz: Nor da euskaldun? Zer da euskaldun izatea?

Azkenik, “Euskal blogen aldeko manifestua” plazaratu duela Patxi Gaztelumendik aipatu. Besteak beste, nire ohituretako bat (hau ere ohitura zaharra ote? edo blogari zaharren ohitura?) azaltzen da bertan: besteen blogak irakurri eta iruzkinak idatzi. Gogoan ere badut, “bloga bloga mariñela” aldarrikatuz bukatu zuela Mikel Iturriak Euskadi Irratiko Hiri gorrian programan egindako elkarrizketa. Hala bedi!

Aurkezpenak eta esaera zaharrak

Antonio Omatos, Sareko adiskideak, aurkezpenei buruzko aholku batzuk eman ditu bere blogean. Horiek irakurrita, antzekoa egiteko duela denboratxo bat esaera zaharrak baliatu nituela gogoratu dut, gazteleraz (2008an, ai ene) eta euskaraz. Hona hemen euskarazko sarrera berriz; gaurkotasuna baduela iruditzen zait.

Zenbat buru hainbat aburu dagoela jabetuta, hona hemen aurkezpenen inguruko nire hausnarketa txikia atsotitzak baliatuta, besteak beste erabiliko ditugunek gure jarduna indartu dezaten eta ez daitezen ahulgune bilakatu. Testu laburra izanda, ez eska garirik zuharrari, baina bestetik aditzaile onari hitz gutxi nahiko zaizkionez, Pernandoren egiak kontatu gabe, baten bati erabilgarri suertatutako ahal zaio! Hala bedi.

  • “Beti lasterka eta beti berandu”. Erritmoari eutsi; ez pasatu azken diapoak arrapaladan ezertarako astirik gabe aldez aurretik prestaturik genituelako. Aukeran hobe labur geratzea (eta galderetarako tartea uztea, hala behar izanez gero).
  • “Burdina berotan jo behar da”. Oharrak lagungarriak izan daitezke esan nahi duguna esateko eta ez ahazteko. Zenbait hizlarik esan behar duena gogorarazteko erabili ohi du aurkezpena baina ez da hori bere oinarrizko funtzioa.
  • “Etxean gatza ugari dagoela eta, ez dezazula bazkaria gehiegi gazitu” edo “gehiegi baino aski hobe”. Erabiltzen duzun programaren azken bertsioaren puntako aukera ez da agian gerora erabilgarriena izango; beharbada aurkezpena egiterakoan efektu edota esteka guztiek ez dute funtzionatuko. Horrelakoak aurreikustea interesgarria da barregarri ez geratzeko.
  • “Eroriz eroriz oinez ikasten da”. Aurkezpenak hobetzeko landu dezagun arloa. Eta era kritikoan aztertu egiten duguna.
  • “Gauza bakoitza bere tokian”. Oreka diapo bakoitzean (testua, irudiak, soinuak…) Eta aurkezpena bera ere orekatua izan dadila, ustekabekoak barne. Zertaz dihardugun pentsatu: diapositibak ala dokumentu idatzi bat ari gara egiten?
  • “Kupel txarretik, ardo onik ez” edo “txapela ez dau gizona eitten”. Mezurik ez badago, tramankuluek ez dute aurkezpena hobetuko. Ez dezagun ahaztu zer den funtsezkoa: mezua, ideiak, komunikazioa.
  • “Oiloari oloa, astoari lastoa”. Zer nolako entzuleria izango duzun kontuan izatea ez dago soberan.
  • “Pentsatu presarik gabe, ekin geratu gabe”. Planifikatu, gidoia lagungarria izaten da aurkezpena bera prestatzen hasi aurretik. Eta denbora kontrolatu.
  • “Usteak erdia hutsa eta beste erdia putza”. Aurkezpena plazan aurkeztu aurretik, probatu eta atzeraelikadura jaso. Halaber, tokia aldez aurretik behatzea zein tresneria ezagutu eta probatzea ez dira ohitura txarrak.
 Gaizki esanak barkatu eta ondo esanak ondo hartu. Hurrengora arte!