Matematikak, ikasleen lagun edo etsai?

Mª Jesus Esteban Galarzak, Frantzian bizi den matematikari bizkaitarrak, jaso berri du CAF-Elhuyar Merezimendu Saria; besteak beste, berak aurkeztu zuen EHUn euskaraz eginiko lehen matematikazko tesina eta hizkuntzaren normalizaziorako lanak ere egin zituen atzerrira joan aurretik. Matematika toki guztietan dagoela zioen Euskadi Irratian egindako elkarrizketan; gai horren irakaskuntzari buruz ere eman du iritzirik beste elkarrizketa batzuean; adibidez, ikasle askok zigor bezala ikusten dutela.

Eta, antzeko ikuspegiari lotuta, #MatesenlaCalle ekimena hurbiletik ikusteko aukera izan nuen joan den asteburuan Madrilen, bertako Sociedad Madrileña de Profesores de Matemáticas Emma Castelnuovo erakundeak antolatutakoa. Matematikaren bestelako ikuspegia eman zuten, jokoen bidez, era ludikoan, bitxikeriak azalduz… Halaber, Antonio Omatosek eraiki eta elikatzen duen webgunean topatu dut Madrilen ikusitako jokoren bat.

zenbakiak

Ez diot inori proposatuko nire ikasle-garaietan egiten nuena errepikatzea, alegia, integralak ebaztea gurutzegramak egin beharrean (bai, zoro ukitua banuela Zientzi Fakultateko garaietan onartu beharko) baina matematikek bestelako ikuspegi eta lanketa bat izan dezaketela argi dago, ikasleen etsai amorratu izan gabe.

Euskal blogosfera eta blogariak, osasuntsu?

Joan den astean egin zen Blogetan. Euskal blogarien bigarren topaketa. Azkue Fundazioak, antolatzaileetako batek alegia, gertatutakoa kontatu du sarrera batean. Dabid Martinezek eta Marijo Deograciasek ere hausnarketak eta laburpenak sareratu dituzte. Beste bide bat ere badugu: #blogetan traolari erreparatzea.

Egia esan, ez dut neure burua guztiz islatuta ikusten Azkue Fundazioak egindako inkestaren ondorioetan; maiztasunez idazten saiatzen bainaiz (eta galdeketa erantzun nuen “gutxi” horien artean banagoela aitortu behar). Hala ere, ondorioztatu duten bezala, badut alderdi teknikoan (gaitasun digitalean nahi baduzu) zer hobetua. Are, horrelakorik esaterik badago, blogarien eskola zaharrekoa naizela konturatu naiz jardunaldian, nire sarreretan idatzia izaten baita nagusi. Dena den, ez ahaztu zein den blog honen izenburua.

Bestalde, badago auzi bat , “euskal” adjektiboa agertzen denetan. Aspaldi idatzi nuen bezala (2008an eta 2013an), Imanolen “nire euskaltasuna” datorkit gogora, baita Hibai Rekondoren “nor da euskaldun” abestia ere. Beste adibide bat: blogosferako auzotxo honetan, Ugaitz Zabalak ere idatzi zuen gaiaz: Nor da euskaldun? Zer da euskaldun izatea?

Azkenik, “Euskal blogen aldeko manifestua” plazaratu duela Patxi Gaztelumendik aipatu. Besteak beste, nire ohituretako bat (hau ere ohitura zaharra ote? edo blogari zaharren ohitura?) azaltzen da bertan: besteen blogak irakurri eta iruzkinak idatzi. Gogoan ere badut, “bloga bloga mariñela” aldarrikatuz bukatu zuela Mikel Iturriak Euskadi Irratiko Hiri gorrian programan egindako elkarrizketa. Hala bedi!

Adin txikikoak eta Internet

Herenegun, otsailaren 9an alegia, izan zen Internet Seguruaren Nazioarteko Eguna.  Interneten eta teknologien erabilera segurua eta arduratsua sustatzeko ekimenak antolatu ohi dira horregatik. Gure inguruean, esate baterako,  Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak lehiaketa bat antolatu du (#SID2016Lehiaketa traola erabiltzen dute), baita Egonline webgunea abian jarri ere, Zeuk Esan ekimen orokorragoaren euritakopean.

 Honako mezua ematen dute aurkezpenean:

Internet, teknologia berriak eta sare sozialak ez dira ez onak, ez txarrak; eskaintzen dituzten abantailak edo desabantailak tresna horietaz egiten dugun erabileraren araberakoak dira. Horregatik, garrantzitsua da gizarte osoa konprometitzea, hezkuntzan tresna digitalak segurtasunez eta erantzukizunez erabiltzeko.

Adingabeek gure laguntza behar dute, tresna digitalak segurtasunez eta arduraz erabiltzeko garatu behar duten zentzu etikoa eta morala eskuratzeko; baina, horretarako, geuk ere jakituria eta ezagutza behar ditugu.

Ikuspegi hori garrantzitsua iruditzen zait, eta pozgarria aldi berean; alderdi positiboak eta mehatxuak adierazten dira,  eta ez azken hauek bakar-bakarrik. Horrez gain, gurasoentzat materiala zein aholkuak eskaintzen dituzte, gure umeak umezurtz digitalak izan ez daitezen. Halaber, egokiago ikusten dut informazio-iturria Ertzaintza edo polizia ez izatea,  orain dela urtebete eskas idatzi nuen bezalaxe. Nahiz eta ez dakit arlo honetan ere bikoizketarik ez den emango.

Zuzenketaren pare bat egingo nioke, nire “mamuetako” batzuen araberakoak direnak, seguruenik. Adibidez,  “berriak” adjektiboa teknologiekin lotzea ez dirudiela oso egokia; izan ere zer da berri eta noiz arte? (esaterako, ixtear omen dagoen Tuenti zerbitzurako lotura ematen dute ekimenean). Edo sare sozialak baino, sare sozialen gune eta zerbitzuak aipatzea egokiago ikusten dudala azken boladan, ziberespazioaren bitartez gauzatzen eta garatzen ez diren sareak ere baditugulako pertsonok.

Laburbilduz, atseginez jaso dut Jaurlaritzaren oraingo proposamena; nik txoko honetan proposatutakoekin eta hitzaldiren batean adierazitakoarekin bat dator. Seguruenik ez irakurri didatelako, zentzuzkoa delako baizik.