Poloniako errege hura eta bere “hizkuntza-eskakizuna”

Polonian egindako bidaian entzundako istorio bat dakarkizut gaurkoan, irakurle. Hain zuzen, Cracovian egindako bisitaldian izan genuen Haizea gida galdakaoztarrak kontatu zigun. Saiatu naiz beste bideren batetik aurkitzen baina ez dut lortu; beraz, erositako prezioan salduko dizut.

Bazen behin errege bat herrialde hartan, Ladislao (“el breve”). Eta poloniera indartzeko asmoz, azterketa bat jartzea erabaki ei zuen: herritarrek polonieraz lau hitz ezagutu beharko zituzten; bestela, lepoa moztuko zitzaien.

Ez dakit hizkuntza ikasteko motibazio nahikoa izan ote zen. Gaurko bideak eta ondorioak, zorionez, bestelakoak dira. Dena den, denboran bidaiatuz gero, egungo itzultzaile automatikoek laguntza itzela emango luketela iruditzen zait. Kontuan izan, badaezpada ere.

Eresoinka, 1937-2017

Laurogei urte bete dira aurten 1937an,  gerra garaian beraz, Eusko Jaurlaritzak Eresoinka taldea sortu zuenetik; Euskal Herriko enbaxada kulturala izan omen zen une latzetan, egoerak behartuta ekimena ahitu zen arte.

Omenaldi gisa, garai hartan kantatutakoak eta dantzak ikuskizun batera biltzea bururatu zitzaion Jatorki Abesbatzari urtero Andoni Arregiren omenez antolatzen duen Agiña memorialerako; XX. urteurrena beteko duen Memoriala, hain zuzen (XVII.aren berri ere eman nizun hementxe bertan).

Hau honela, Jatorkiren ahotsetan eta Olaeta Ballet Elkartearen kideen musika eta dantzekin, bi omenaldi batera ikusi eta entzuteko aukera bihar, Bilboko Atxurin dagoen Gizakundearen elizan, 8:15ean hasita.

Proiektuak bizirik iraun zuen bitartean Eresoinkak eman zituen hiru kontzerturen inguruan ardaztuko da ikuskizuna (Sare, Paris eta Londresekoak), irudiak eta soinuak lagun; bukaera gisa, Usandizagaren “Mendi mendiyan” lanaren zati bat eskainiko dute, Mario Lerena pianojolearekin batera.

Gernika, 80 urte eta egun bat geroago

Ez da kontu berria gaur dakarkizudana. Luze hitz egin eta idatzi da egunotan Gernikaz eta 1937an bertan gertatutakoez. Deia blogosfera honetan ere izan du isla; besteak beste, gaiaz idatzi zuten atzo Bego Begiristainek eta Javier Vizcaínok. Ni, berriz, aspaldiko ekarpen xume bezain hunkigarri batekin natorkizu biharamunean, irakurle.

Izan ere, nerabezarotik daukat buruan. Behin baino gehiagotan kontatu dut (baita idatzi ere), Mikel Zarate izan genuela irakasle (agian, “maisu” esatea hobe) ikastetxean, BUPeko 1. mailako ikasle ginen hartan hain zuzen; eta bere gaia, teorian, “lengua española” bazen ere, beste hainbat irakasgai izan genuela bere eskutik. Hala, apirilaren 26 batean, klasearen hasieran eta artean ezer esan gabe, honako soneto hau idatzi zuen arbelean.

Zeus txikiaren haundi izan gura.
Agindu eroa. Indar frogantza.
Zezen hegalarien marruma dantza.
Infernua dator gure zerura.

Tximist lehertuen abiadura
haserre gorritan Gernikarantza…,
hasi da, hasi da hiri triskantza
eta garrasika dago mindura.

Garrasi larritan ama, umea,
aitaren gorputz hil buru gabea;
garrasika txori, lore, burdina,

harri, ohol, haize ta su irakina;
garrasiz herrien betiko lotsa,
askatasunaren betiko hotsa

Gernika, 1937
Iturria: https://de.wikipedia.org/wiki/Datei:Bundesarchiv_Bild_183-H25224,_Guernica,_Ruinen.jpg

Ea zer genekien Gernikako bonbardaketaz galdetu zigun geroago. Joan den mendean, 70ko hamarkadaren bukaeran, oker ez banabil.

Comenius

Batek baino gehiagok galdetu dit blogean dudan argazkiaren zergatiaz. Eta erraza da azalpena.

Badakizu nor izan zen Comenius edo Komensky? Wikipedian badu sarrera eta azalpena; besteak beste, “Pedagogiaren Aita” eta “Nazioen irakaslea” ezizenak eman izan zaizkio.

Orain dela urte batzuk, Praga bisitatu eta bere omenez eginiko museora joan ginen. Han ateratakoa da argazkia; aproposa ikasle eta irakasle batentzat, ezta? Hala pentsatu nuen behintzat.

Plazakoetxeko Etxebarria 1934-2014, mahai ingurua

Gaur, arratsaldeko zazpietan, mahai ingurua antolatu dute Galdakaoko Gandasegiko eskoletan; gaia, Karmelo Leizaola Ikastolako oroimen historikoa. Seguruenik gogoan izango duzu Karmelo Leizaolaz otsailean hitz egin genuela txoko honetan.

Nora Madariagak eginiko kartela

Josi Sierrak txio batean galdetu zuen ea hemengo lagunentzat interesgarria den. Ahal izanez gero, merezi duela uste dut.