Euskal blogosfera eta blogariak, osasuntsu?

Joan den astean egin zen Blogetan. Euskal blogarien bigarren topaketa. Azkue Fundazioak, antolatzaileetako batek alegia, gertatutakoa kontatu du sarrera batean. Dabid Martinezek eta Marijo Deograciasek ere hausnarketak eta laburpenak sareratu dituzte. Beste bide bat ere badugu: #blogetan traolari erreparatzea.

Egia esan, ez dut neure burua guztiz islatuta ikusten Azkue Fundazioak egindako inkestaren ondorioetan; maiztasunez idazten saiatzen bainaiz (eta galdeketa erantzun nuen “gutxi” horien artean banagoela aitortu behar). Hala ere, ondorioztatu duten bezala, badut alderdi teknikoan (gaitasun digitalean nahi baduzu) zer hobetua. Are, horrelakorik esaterik badago, blogarien eskola zaharrekoa naizela konturatu naiz jardunaldian, nire sarreretan idatzia izaten baita nagusi. Dena den, ez ahaztu zein den blog honen izenburua.

Bestalde, badago auzi bat , “euskal” adjektiboa agertzen denetan. Aspaldi idatzi nuen bezala (2008an eta 2013an), Imanolen “nire euskaltasuna” datorkit gogora, baita Hibai Rekondoren “nor da euskaldun” abestia ere. Beste adibide bat: blogosferako auzotxo honetan, Ugaitz Zabalak ere idatzi zuen gaiaz: Nor da euskaldun? Zer da euskaldun izatea?

Azkenik, “Euskal blogen aldeko manifestua” plazaratu duela Patxi Gaztelumendik aipatu. Besteak beste, nire ohituretako bat (hau ere ohitura zaharra ote? edo blogari zaharren ohitura?) azaltzen da bertan: besteen blogak irakurri eta iruzkinak idatzi. Gogoan ere badut, “bloga bloga mariñela” aldarrikatuz bukatu zuela Mikel Iturriak Euskadi Irratiko Hiri gorrian programan egindako elkarrizketa. Hala bedi!

4 urteren ondoren, bizirik diraugu

2013ko otsailaren 7an egin nuen hemen lehendabiziko sarrera; agurra izenburua izan zuen. Lau urte joan dira, beraz, ia konturatu gabe. Ez dakit azpian Azkue Fundazioaren egunkari-blogean idatzi dutenari jarraikiz arrazoi bila ibiliko ote nintzen hasteko; hasteko edo lana bikozteko, auskalo. Edota duela lau urte Goio Aranak idatzitakoari benetan jaramon egin nion blogen bigarren loraldian.

four
Lenore Edman Flickr-en

 

Kontua da, gorabeherak gorabehera, oraindik bizirik dirauela blogtxo xume honek (Noemi Pastorren hitzen itzulpen askean), bidean ikusentzunezko edukiak galdu arren, edota orain inora eramaten ez duten estekak egon arren.

Izenburuaz ari naizela, bestalde, duela gutxi Tíscar Larak, Sarean dudan beste erreferenteetako batek alegia, emandako hitzaldi batean, irakaslea etengabeko ikasle gisa agertu zuen.

Ondorioz, ikasten (eta irakasten) segituko dugu, zalantzarik gabe. Eta, noizean behin, agian, euskaraz hezkuntzaz (zentzurik zabalenean) hemen idazten.

“Euskal” blogosfera… eta Bilbo… eta ni

Aipatu nizun lehengoan martxan dagoela aurtengo Blogetan lehiaketa, eta aurrekoan ez bezala, ez dudala parte hartuko. Ekimena baliatuta, galdeketa prestatu du Azkue Fundazioak euskal blogosfera zertan den jakiteko asmoz: Euskal blogintzari buruzko inkesta.

Bertan diotenez,

Euskal blogintzaren egoeraren azterketa egin dugu eta, azken urtetan alor honetan ikerketa edo analisi sakonik egin ez dela ohartuta, euskal blogintzaren inguruko inkesta publikoa sortu dugu. Edonork bete dezakeen inkesta da eta horren helburua, euskarazko blogen inguruko datu baliagarriak lortzea da: kopurua, nola kudeatzen diren, zein baliabide erabiltzen dituzten, etab. Inkesta honen emaitzak publikoak izango dira eta partekatu egingo ditugu.

Nire ustez, ez da erreza izaten “euskal” horrekin batera esan nahi dena zehaztea: euskalduna? euskaraz idazten dena? euskara ulertzen duena?… Ez da oraingo kezka; aspalditik galdetzen diot neure buruari (eta argitaratu ere bai) nor den euskaldun. Edo euskal hiritar. Edo… Edonola ere, inkesta erantzun egin dut eta galderak pentsarazi didatela onartu behar; besteak beste, noiz eta zergatik idazten dudan gaztelaniaz eta euskaraz.

Azken finean, blogosferan bertan dudan jarrerak ez dit errazten “euskal” horrekikoa. Egia da blog honetan euskaraz idazten dudala (gutxi), baina, aldi berean, susmoa dut nire blog (edo txoko, edo kanpamentu) nagusian gaztelania ari dela nagusitzen, horrela ateratzen zaidalako. Agian, Bilbon gertatzen denaren isla izan liteke; euskarak Bilbo behar duela idatzi du Patxi Saezek.

Estres linguistikoa

Joan den astean, lehen hitzaren garrantziaz aritu nintzaizun. Egun batzuk gerora, Goyo del Solen txio batek bertan idatzitakoa gogorarazi dit

Eta, horrelakoetan nenbilela, estres linguistikoa kontzeptuaren berri izan dut, Azkue Fundazioaren “egunkariaren” bitartez. Horrek ere azal lezake Goyoren zalantza/kexaren zergatia.

Bertan idatzi dutenez, norekin, non, noiz, zein hizkuntza aukeratu erabaki beharrarren ondorio da estres mota hori. Hobeto azaltzeko asmoz bideo bat ere txertatu dute, Badu Badak You Tuben duen kanalean dagoena.

YouTube Preview Image

Bukatu aurretik, bi kontutxo. Bata, Badu Bada erakusketa Bilbon izango dugu, Alhondigan hain zuzen, hilaren 25etik aurrera. Bestea, Azkue Fundaziotik proposatzen duten mintzatu sistemak, geolokalizazioarekin lotura duenak, ez nau asetzen; nahiago dut mundu mundialean ez adieraztea non nagoen, euskaraz mintzatzeko balio izan arren.

“Blogetan” sarian… zurekin

2013aren bukaeran iragarri nizunari jarraiki, Blogetan lehiaketan dugu “Ikasle eta irakasle” hau. Izan ere, bertako baldintza guztiak betetzen ditu, izar bokaziorik izan ez arren.

Besteak beste, lehiaketaren helburua blogak eta euskal blogariak saritzea da, ezagutzera emanez eta blogetan euskararen aldeko erabilera sustatuz. Eta azken hau bada txoko honen iparrorratz nagusia. Bestalde, euskal blogariei dagokienez, inoiz sailkapen horietatik kanpo geratu banaiz ere, oraingo honek in zalantzarik ez dela egongo uste dut.

Bozkatzeko lehendabiziko epea urtarrilarean 27an hasiko da, bihar bertan, eta otsailaren 16an bukatu. Bozkatzea bi modutara egin daiteke: www.blogetan.com webgunean erregistratuz eta egun bakoitzean boto bat kategoria bakoitzari emateko aukera izango duzu zein twitter bitartez, #blogetan traola erabiliz, bozkatzen duzun blogaren esteka eta zein kategoriatan parte hartzen duen zehaztuz.

Hala ere, errazena, estekari jarraitu eta orrialdean “bozkatu” edota “twitter” sakatzea (kontua baduzu, jakina)

Blogetan 2014Ez ahaztu, beraz, “gizartea eta politika” kategorian dagoela (nagoela / gaudela), egunero bozka daitekeela eta publikoaren bozkatzeak lehenengo fasean %50 balioko du, euskararen munduko eta teknologia berrien inguruko adituez osaturiko epaimahaiaren bozkatzeak beste, alegia.