Euskal blogosfera eta blogariak, osasuntsu?

Joan den astean egin zen Blogetan. Euskal blogarien bigarren topaketa. Azkue Fundazioak, antolatzaileetako batek alegia, gertatutakoa kontatu du sarrera batean. Dabid Martinezek eta Marijo Deograciasek ere hausnarketak eta laburpenak sareratu dituzte. Beste bide bat ere badugu: #blogetan traolari erreparatzea.

Egia esan, ez dut neure burua guztiz islatuta ikusten Azkue Fundazioak egindako inkestaren ondorioetan; maiztasunez idazten saiatzen bainaiz (eta galdeketa erantzun nuen “gutxi” horien artean banagoela aitortu behar). Hala ere, ondorioztatu duten bezala, badut alderdi teknikoan (gaitasun digitalean nahi baduzu) zer hobetua. Are, horrelakorik esaterik badago, blogarien eskola zaharrekoa naizela konturatu naiz jardunaldian, nire sarreretan idatzia izaten baita nagusi. Dena den, ez ahaztu zein den blog honen izenburua.

Bestalde, badago auzi bat , “euskal” adjektiboa agertzen denetan. Aspaldi idatzi nuen bezala (2008an eta 2013an), Imanolen “nire euskaltasuna” datorkit gogora, baita Hibai Rekondoren “nor da euskaldun” abestia ere. Beste adibide bat: blogosferako auzotxo honetan, Ugaitz Zabalak ere idatzi zuen gaiaz: Nor da euskaldun? Zer da euskaldun izatea?

Azkenik, “Euskal blogen aldeko manifestua” plazaratu duela Patxi Gaztelumendik aipatu. Besteak beste, nire ohituretako bat (hau ere ohitura zaharra ote? edo blogari zaharren ohitura?) azaltzen da bertan: besteen blogak irakurri eta iruzkinak idatzi. Gogoan ere badut, “bloga bloga mariñela” aldarrikatuz bukatu zuela Mikel Iturriak Euskadi Irratiko Hiri gorrian programan egindako elkarrizketa. Hala bedi!

Beti hostoak kentzen

Blog honen leloa, “beti eskamak kentzen” izan beharrean, “beti hostoak kentzen” izan liteke. Izan ere, hasiera-hasieratik ibili naiz duda-mudatan: merezi du edo ez du merezi? irakurlerik badago edo ez dago? Argi dago iruzkinik ia ez dagoela, ezta etenaldia iragartzen dudanean ere.

Orain dela hiru urte, zalantzak-zalantza, lehiaketa batean aritu nintzen, erabateko arrakastarik gabe baina askoren laguntza lortuta (193, 193 dira, ezta?). Orduan, zalantzak gainditzeko modu bat izan zitekeela otu zitzaidan. Baina helburu hori, behintzat, ez nuen lortu.

margarita

Eta hostoak kentzen nabilela –bai, ez, bai, ez– berriro ere Blogetan lehiaketa deitu dutela jakin dut. Oraingoan, berriz, ez dut izar-bokaziorik adieraziko, eta, gehienez, botua emango dut. Eta hostoak kentzen nabilela –ez, bai, ez, bai– itzulpen eskasekin topo egin, Sarean eta kalean, eta blog nagusian (badakizu 10 urte beteko dituela aurten?) horri buruzko sarrera elebiduna idatzi dut. Izan ere, beti agertzen da zertaz idatzi, baina batzuetan astirik ez horretarako… edo dagoeneko idatzi dudala konturatu naiz argitaratu orduko.

Galtzen ikasi eta galduz ikasi

Ez da gauza bera, baina biak ikasi beharrekoak. Eta horixe ere atera beharko dut blogetan lehiaketatik, finaletik kanpo geratu bainaiz. Ez dut porrota ukatuko; sarrera honek ez du ezer zuritzeko asmorik, baina bai barrua nolabait hustutzekoa eta eskerrak ematekoa.

Banekien oinarriak ikusi bezain laster lehiaketak luze joko zuela; botua egunero ematearena ez zela nire aldeko baldintza, eta, hala gertatu zait: pixkanaka-pixkanaka, laugarren postutik ezin aurrera egin. Agian, esparru honetan ere, estrategia egokiak baliatzen jakin behar da; izan dut horrelako bozkaketetan galtzeko esperientzia gehiago.

Dena den, –eta, berriz diot, ez dut garaipen gisa saldu nahi, ezta gutxiagorik ere– ez da ahuntzaren gauerdiko eztula 193 botu jaso izana (kategoria bereko hiru lehenengoek, berriz, 327, 284 eta 263, hurrenez hurren, eta epaimahaiaren erabakiak ez du aurrekoa aldatu) eta oso jatorri desberdina dutenena gainera.

Are; lehiaketaren webgunearen bidez emandako botuak ezin kontrolatu nik, baina Twitterren aldeko txioak eta babesak ugari izan direlakoan nago, era pertsonalean agertu baitira boto-emaleak. Hona hemen zerrenda luze hori, esker onaren adierazle egunen araberako ordenan (barkatu baten bat kanpoan utzi badut): Goiuri, Goyo, Eneko, Garazi, Iker, Pilar, Elisa, Marcos, Berta, Iñaki, Gorka, Gorka, Mikel, Josemari, Jesus, Jesus, Guillermo, Nerea, Lorena, Lucía, Asís, Asier, Josu, Ander, Jara, Iruri, Igone, Javier, Josu, Maider, Rodrigo, Iñigo, Imanol , Iñigo, Iñigo, Javier, Javier, Naiara, Urko, Itsaso, Iñaki, Begoña, Jon, Alvaro, Carlos, Urtzi, Javier, Gontzal, Isaac, Fernando, Mikel, Sagra, Galder, Joxe, Jorge, Josi, Maria, Jorge, Josetxu, Garbiñe, Cristina, Jon, Noemi, Mikel, Juan Carlos… Zuoi guztioi, eta webgunearen bidez bozkatu duzuenoi, besarkada bana, twitterren bidez adierazi nuen bezalaxe…

Beraz, zuekin eta zuengatik, brindisa, birtuala izan arren…

Azkenik, kontu honekin baten bat gogaitu badut, honezkero barkatuko ninduela espero dut.

Pragako Comenius Museoan

Eta bizitzak aurrera darrai, “Ikasle eta irakasle” honen ibilbideak bezalaxe. Laster arte, adiskide hori!

“Blogetan” sarian… zurekin

2013aren bukaeran iragarri nizunari jarraiki, Blogetan lehiaketan dugu “Ikasle eta irakasle” hau. Izan ere, bertako baldintza guztiak betetzen ditu, izar bokaziorik izan ez arren.

Besteak beste, lehiaketaren helburua blogak eta euskal blogariak saritzea da, ezagutzera emanez eta blogetan euskararen aldeko erabilera sustatuz. Eta azken hau bada txoko honen iparrorratz nagusia. Bestalde, euskal blogariei dagokienez, inoiz sailkapen horietatik kanpo geratu banaiz ere, oraingo honek in zalantzarik ez dela egongo uste dut.

Bozkatzeko lehendabiziko epea urtarrilarean 27an hasiko da, bihar bertan, eta otsailaren 16an bukatu. Bozkatzea bi modutara egin daiteke: www.blogetan.com webgunean erregistratuz eta egun bakoitzean boto bat kategoria bakoitzari emateko aukera izango duzu zein twitter bitartez, #blogetan traola erabiliz, bozkatzen duzun blogaren esteka eta zein kategoriatan parte hartzen duen zehaztuz.

Hala ere, errazena, estekari jarraitu eta orrialdean “bozkatu” edota “twitter” sakatzea (kontua baduzu, jakina)

Blogetan 2014Ez ahaztu, beraz, “gizartea eta politika” kategorian dagoela (nagoela / gaudela), egunero bozka daitekeela eta publikoaren bozkatzeak lehenengo fasean %50 balioko du, euskararen munduko eta teknologia berrien inguruko adituez osaturiko epaimahaiaren bozkatzeak beste, alegia.

Aurrera begira, zer?

Urtea bukatzen den honetan blog honi erreparatu nahi diot, irakurle lagun hori. Kontraesankorrak diruditen bi konturekin natorkizu.

Alde batetik, eta ia urte beteko ibilbidea betetzear dagoenean, lehiaketa batera aurkeztu da “Ikasle eta irakasle” hau. Azkue Fundazioak eta Argiak antolatutako Blogetan deritzonera, hain zuzen. Argi dago bertan aurrera egingo badu, zeure laguntza eta botoak ezinbestekoak izango zaizkiola.

Bestetik, eta hamaika hilabete pasatu direnean –argi dezadan kasu honetan hamaika horrek ez duela asko esanahia hartzen; zenbakia bere horretan, besterik ez– guneko arduradun nagusiak rara avis, hotsberezia naizela esaten dit: euskaraz argitaratzen dut Deiaren blogosferan eta ez maiztasun handiegiz –honekin ez nator bat, astean behin, zintzo-zintzo–. Hortaz, bisitariak gutxi direla –zaretela–, nahiz eta batek baino gehiagok esan –aurrez aurre– ikusi duela bloga; are, euskara askorik ez dakien aspaldiko ezagun batek nik hemen idatzitakoa irakurtzen saiatzen dela esan zidan orain dela gutxi. Iruzkinena… begien bistakoa da.

Laburbilduz, geroa definitu beharko laster. Eta, bakarrik baino, nahiago bidaide hurbil bazintut. Edonola ere, urte berri on!