“Euskal” blogosfera… eta Bilbo… eta ni

Aipatu nizun lehengoan martxan dagoela aurtengo Blogetan lehiaketa, eta aurrekoan ez bezala, ez dudala parte hartuko. Ekimena baliatuta, galdeketa prestatu du Azkue Fundazioak euskal blogosfera zertan den jakiteko asmoz: Euskal blogintzari buruzko inkesta.

Bertan diotenez,

Euskal blogintzaren egoeraren azterketa egin dugu eta, azken urtetan alor honetan ikerketa edo analisi sakonik egin ez dela ohartuta, euskal blogintzaren inguruko inkesta publikoa sortu dugu. Edonork bete dezakeen inkesta da eta horren helburua, euskarazko blogen inguruko datu baliagarriak lortzea da: kopurua, nola kudeatzen diren, zein baliabide erabiltzen dituzten, etab. Inkesta honen emaitzak publikoak izango dira eta partekatu egingo ditugu.

Nire ustez, ez da erreza izaten “euskal” horrekin batera esan nahi dena zehaztea: euskalduna? euskaraz idazten dena? euskara ulertzen duena?… Ez da oraingo kezka; aspalditik galdetzen diot neure buruari (eta argitaratu ere bai) nor den euskaldun. Edo euskal hiritar. Edo… Edonola ere, inkesta erantzun egin dut eta galderak pentsarazi didatela onartu behar; besteak beste, noiz eta zergatik idazten dudan gaztelaniaz eta euskaraz.

Azken finean, blogosferan bertan dudan jarrerak ez dit errazten “euskal” horrekikoa. Egia da blog honetan euskaraz idazten dudala (gutxi), baina, aldi berean, susmoa dut nire blog (edo txoko, edo kanpamentu) nagusian gaztelania ari dela nagusitzen, horrela ateratzen zaidalako. Agian, Bilbon gertatzen denaren isla izan liteke; euskarak Bilbo behar duela idatzi du Patxi Saezek.

Beti hostoak kentzen

Blog honen leloa, “beti eskamak kentzen” izan beharrean, “beti hostoak kentzen” izan liteke. Izan ere, hasiera-hasieratik ibili naiz duda-mudatan: merezi du edo ez du merezi? irakurlerik badago edo ez dago? Argi dago iruzkinik ia ez dagoela, ezta etenaldia iragartzen dudanean ere.

Orain dela hiru urte, zalantzak-zalantza, lehiaketa batean aritu nintzen, erabateko arrakastarik gabe baina askoren laguntza lortuta (193, 193 dira, ezta?). Orduan, zalantzak gainditzeko modu bat izan zitekeela otu zitzaidan. Baina helburu hori, behintzat, ez nuen lortu.

margarita

Eta hostoak kentzen nabilela –bai, ez, bai, ez– berriro ere Blogetan lehiaketa deitu dutela jakin dut. Oraingoan, berriz, ez dut izar-bokaziorik adieraziko, eta, gehienez, botua emango dut. Eta hostoak kentzen nabilela –ez, bai, ez, bai– itzulpen eskasekin topo egin, Sarean eta kalean, eta blog nagusian (badakizu 10 urte beteko dituela aurten?) horri buruzko sarrera elebiduna idatzi dut. Izan ere, beti agertzen da zertaz idatzi, baina batzuetan astirik ez horretarako… edo dagoeneko idatzi dudala konturatu naiz argitaratu orduko.

“Blogetan” sarian… zurekin

2013aren bukaeran iragarri nizunari jarraiki, Blogetan lehiaketan dugu “Ikasle eta irakasle” hau. Izan ere, bertako baldintza guztiak betetzen ditu, izar bokaziorik izan ez arren.

Besteak beste, lehiaketaren helburua blogak eta euskal blogariak saritzea da, ezagutzera emanez eta blogetan euskararen aldeko erabilera sustatuz. Eta azken hau bada txoko honen iparrorratz nagusia. Bestalde, euskal blogariei dagokienez, inoiz sailkapen horietatik kanpo geratu banaiz ere, oraingo honek in zalantzarik ez dela egongo uste dut.

Bozkatzeko lehendabiziko epea urtarrilarean 27an hasiko da, bihar bertan, eta otsailaren 16an bukatu. Bozkatzea bi modutara egin daiteke: www.blogetan.com webgunean erregistratuz eta egun bakoitzean boto bat kategoria bakoitzari emateko aukera izango duzu zein twitter bitartez, #blogetan traola erabiliz, bozkatzen duzun blogaren esteka eta zein kategoriatan parte hartzen duen zehaztuz.

Hala ere, errazena, estekari jarraitu eta orrialdean “bozkatu” edota “twitter” sakatzea (kontua baduzu, jakina)

Blogetan 2014Ez ahaztu, beraz, “gizartea eta politika” kategorian dagoela (nagoela / gaudela), egunero bozka daitekeela eta publikoaren bozkatzeak lehenengo fasean %50 balioko du, euskararen munduko eta teknologia berrien inguruko adituez osaturiko epaimahaiaren bozkatzeak beste, alegia.

Irakaslearen blogerako aholkuak

Aspaldi ezagutzen dut Felipe Zayas -tira, gaurkoan lotura ez da deia.com-ekoa- Esate baterako, 2009an Getxolinguaen izan genuen elkarrekin egoteko aukera. Uztailean nire lan-esparruan antolatutako ikastaro batean aurkeztu nuen; datorren hilean berriz etorriko da guregana.

2009an, Felipe Zayas eta Ricardo Ibarrarekin

Aipatutako aurkezpen horretarako, Sarean dauden kideei galdetu nien nola aurkez nezakeen. Daniel García adiskideak “gizon dekalogoa” proposatu zidan. Eta, arrazoia eman nahirik edo, irakaslearen blogerako dekalogo bat proposatu du; ondoren aurkeztuko dizudana. Euskaratzeko gogoa baduzu…

Gazteen erronkak

2008ko azaroan burutu ziren Bilbon Heziberri, etorkizunerako hezi Jardunaldiak.  Partaidetza zuzena izan nuen bertan; adibidez, gaiaren inguruko iritzi-artikulu bat argitaratu zidaten Deian (egun ez omen dago ikusgai, baina aipamena egin eta nire kanpamentu nagusian jaso nuen bere garaian). Halaber, eraiki zen blogean atal baten ardura eman zidaten,  Gazteen erronkak 2025ean, hain zuzen (gazteleraz, retos de la juventud en 2025)

Zenbait kidek parte hartu zuen; Jose Mari Lasa izan zen lehendabizikoa. Bere ikuspegia ondoko lerroetan duzu; ia bost urteren buruan iragarritakoaren bidean aurrera egin dugun pentsa dezakezu eta horrez gain hemen partekatu, pantailaz bestalde zauden lagun horrek.

Heziberri webgunetik hartutako irudia

Jarraitu Gazteen erronkak irakurtzen