Nire azken ekoizpenak: Hizpide 87 eta Itzulpen Saila 54

Maite Goñiren “Eguneroko hitza“n irakurri dut gaur askojakin hitza; gainera, gustatu egin zait emandako adibidea. Hala, neuk ere ez dut askojakin itxurarik eman nahi gaurko sarreran nire ezjakintasuna estaliz. Are, beldur handia diet erabat ziur mintzatzen diren horiei.

Zalantzak zalantza, eta Durangoko Azokarako hitzorduari erantzunez, azken hilabeteotako nire lan batzuek ikusi dute argia joan den astean. Beraz, eta zure baimenaz, irakurle lagun eta isil hori, labur-labur aurkeztuko dizkizut.

Batetik, Hizpide aldizkariaren 87. zenbakia. Bi arrazoirengatik da zenbaki berezi niretzat: paperezko garaiari agur esango zaiolako honekin eta, koordinatzaile izateaz gain, nire artikulu bat argitaratu delako. Azken urteotako lanarekin zerikusia du, hau da, doktore-tesiari buruzkoa da; “Ikas-ziberkomunitateak eta irakasleen prestakuntza” du izenburu.

Bestetik, eta Itzulpen Saila bilduman, Scott Thornburyren “Nola irakatsi berba egiten?” argitaratu da. Ana I. Morales izan da itzultzailea eta, ni neu, orain dela bi urte plazaratu zen Cassanyren liburuan bezala, editore lanetan aritu naiz.

Nola irakatsi berba egiten

Bietako bat (edo biak) irakurtzen baduzu (badituzu), atzeraelikadura edo feedbacka eskertuko dut.

Ebaluazioaren alfabetoa

Joan den astean, Miguel Angel Santos Guerraren hitzaldi bat aipatu nizun. Eta bertan esandakoak ez zitzaizkidala, nagusiki, arrotz egin. Izan ere, joan den mendearen bukaera aldera, berak idatzitako asko irakurri nituen, garai hartan egiten nituen lanagatik eta ikasketengatik batik bat.

Hala, Ebaluazioaren alfabetoa izeneko artikulua idaztea erabaki genuen Luis Mari Txabarrik eta biok. Artikulu hori, Hizpide aldizkariaren 42. zenbakian argitaratu zen. Bibliografian, aipaturiko irakaslearen erreferentzia ugari dago.

Honela hasten da artikulua:

Pertsiako kondaira batek dioenez, jainkoek hasieran banatu egin omen zuten egia, gizabanakoei zati bana emanez. Egia osatu, bakoitzak berea ekarriz osatuko da. Hala, txanpon beraren bi aldeak dira egia eta ekarria.

Wessex Archaeology-ren argazkia Flickr-en

1998koa den arren, oraindik badu interesik nire ustez. Osorik irakurri nahi baduzu, eskura duzu Sarean.

Hitzaldi baten edukia… eta edukitzailea

Duela ia hilabete, Barakaldon Miguel Angel Santos Guerraren hitzaldi batera joan nintzen. Ez zen irakasle hau entzuten nuen lehenengo aldia; are, idazle oparo honen liburuak, eta idazlanak oro har, aspaldi hasi nintzen irakurtzen eta gaur egun ere irakurtzen ditut. Esate baterako, larunbatero El Adarve deritzon esparruan argitaratzen du –baina ez nuke esango blogaria denik, horri blog esaten dioten arren; egunkarietako blogei buruzko iritzia plazaratu dut dagoeneko–. Esan zituen gehienak ez ziren niretzat berriak izan; edonola ere, hizlari trebea da eta gustura entzuten den horietakoa.

Egun, aukera dexente dago batek esandakoak jaso eta plazaratzeko. Bat, adibidez, bideoz grabatu eta igotzea da; halaxe egin zuen Mikel Agirregabiriak eta geroago Josi Sierrak, Berritzegune Nagusiaren kanalean zintzilikatuta. Beste aukera bat, Storify erabiltzea, Berta Martinezek egin zuen bezala.

Nik, aldiz, beste bat baliatu nuen, Hizpideren 80. zenbakian argitaraturiko Guillermo Gómezen  artikuluan proposatutakoari jarraiki: google drive erabiltzea. Hau honela, hitzaldian bertan apunteak jaso nituen eta une hartan bertan Sarean partekatu; gerora idatzitakoa zuzendu eta osatu egin nuen. Parte hartu nahi izan dutenek ere izan dute horretarako aukera eta emaitza honetara iritsi gara.

Horra hor, beraz, hitzaldi baten edukiaren berri izateko edukitzaile desberdinak… eta osagarriak.