Futbola eta burua

Eskola-kirolak buruhauste bat baino gehiago ematen digu; esate baterako, zein adinekin hasi behar den kirol bakarrean espezializatzen. Futbolak, esparru horretan zein orokorrean, zer esanik ez. Gainera, ohiko mintzagai dute (dugu) askok; igogailuetarako eta berriketa sozialerako erabil litekeenetako bat da, zalantzarik gabe. Bestetik, aspaldi entzuna nuen “ez jo buruan, ikasten ari naiz-eta” esaera.

Kontua da Estatu Batuetan debekatu egingo dutela 10 urte baino gutxiago duten umeek futbolean baloiari buruz ematea (esaterako, [Enlace roto.]). Agur burukadak txikientzat, beraz. Auskalo mundu-mailako federazioak erabaki bera hartuko duen noizbait. Arriskutsua omen da.

Ez dut egoera horri buruzko datu zehatzagorik; bai, ordea, jakin badakit horrelako adinekin gure inguruan baloi bereziak erabiltzen direla lehiaketetan. Zelaiaren tamainarekin eta futbolari-kopuruarekin ere gertatzen da aldaketarik (eta eztabaidarik). Bestetik, burua erabili ezean bestelako kirol bat izan daitekeela susmatzen dut (hala ere, buruarekin beti jokatu beharko)

Gainera, batek daki kalean futbolean aritzeari ere mugak ezarri nahi izango zaizkion; garai batean, haurrak kalean futbolean aritzen zirenean (ez dakit orainaldia erabili honezkero) bestelako “legeak” bazeuden (hiru kornerren ondoren penaltia edo atezain-aurrelaria, esaterako). Eta ez ahaztu “debekatutakoa”k erakarri egiten duela.

Azken finean, kirolen arriskuez mintzatzen direnek arrazoia izango dute? Dena den, zer ez da arriskutsua? Harriak jaurtitzeak bezalako jarduerek ere badute arriskurik, ezta?

DEIAn argitaratutako argazkia

Seme-alabei irabazten utzi?

Behin baino gehiagotan izan dut mintzagai: zer egin seme-alabekin eurekin jokatzen denean? Irabazten utzi ala ez?

Txiki Xake blogetik hartutako argazkia

Badut beti halaxe egiten zuen ezagun bat; are, garaikurrak ere erosten zituen semeari emateko. Neurea, kontrako iritzia izan ohi da. Agian, tarteko bidea izango da egokiena; eta horren adibide dexente, Quora webgunetik etorri zait.

Hala, xakearen ingurukoa zen abiapuntuan planteatu zen galdera, alegia, 8 eta 11 urteko seme-alabei eta xakean jokatzen hasi berriei irabazten utzi ala ez; eta erantzunak, ugari, besteak beste, Jimmy Walesena berarena. Eta, badirudi, ñabardurekin (pieza gutxiagorekin aritu, berriz pentsatzeko aukera eskaini jokaldia egokia ez bada, jokatzeko ala ikasteko ibili nahi duten…) aukera argia dela. Eta iritzi berekoak omen dira dagoeneko hazi direnak.

Ez litzateke idea txarra izango Nicola Lococok bere iritzia ematea; galtzeko (edo irabazteko, jakina) adibide bitxiren bat eman zuen apirila aldera.

Gaurko hitzaren 5. urteurrena

Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, ez, bost urtez, egunez egun, ekimen bati ekitea. Are aipagarriagoa, nire ustez, helburua erakustea eta irakastea denean. Eta hor dugu Maite Goñi Gaurko hitzarekin.

Gaurko hitzak, gainera, baditu bere spin-offak; jokoa edo hitza-pasa, esate baterako. Eta antzeko norabidea duen Esaera jatorrak esparrua, adibidez.

Era desberdinetan ospatu ditu orain arte urteurrenak Maitek. Esate baterako, bigarrenean, bideoak egiteko proposatu zigun. Eta askok, erantzun; ehun inguruk. Neu ere “engainatu” ninduela onartu behar. Begira begira.

YouTube Preview Image

Hirugarrena, itzela izan zen: lagunen bilera Donostian. Far westetik ere abiatu ginen, argazkian ikusten den bezala.

Laugarrena “xumeagoa” izan zen. Eta bosgarrena? Abian dabil egunotan; begiratu twitterren #gaurkohitza5 traola.

Oraingoan ere hartu dut parte. Honela

Pinterest gunean bildu ditu argazki guztiak.

Dena den, ez da Maite Goñik egiten duen kontu bakarra, ez horixe. Izan ere, hiri-legenda baten arabera, ezinezkoa denez berak beste gauza egitea eta dagoen toki guztietan egotea, bere itxura handia duten Goñiki izenko panpin batzuk ei daude hortik zehar barreiaturik funtzio horiek betetzen.

Zorionak eta aurrera!