Plazakoetxeko Etxebarria 1934-2014, mahai ingurua

Gaur, arratsaldeko zazpietan, mahai ingurua antolatu dute Galdakaoko Gandasegiko eskoletan; gaia, Karmelo Leizaola Ikastolako oroimen historikoa. Seguruenik gogoan izango duzu Karmelo Leizaolaz otsailean hitz egin genuela txoko honetan.

Nora Madariagak eginiko kartela

Josi Sierrak txio batean galdetu zuen ea hemengo lagunentzat interesgarria den. Ahal izanez gero, merezi duela uste dut.

36ko Gabonak

Botxotik ziberespaziora blogean ere eman nuen berri joan den astean, baina errepikatzea merezi duelakoan nago.

Benetan bitxia eta esanguratsua Kirmen Uribek olerki batean jasotako pasadizoa. 1936ko Gabonetan, su-eten bat egon omen zen Markinako mendietan eta abenduaren 25ean elkarrekin bazkaldu zuten bi bandoetako gazteek. Ondarruko idazleak bere buruari galdetzen dio zeri buruz hitz egingo zuten, zertan egongo ziren ados, zein hizkuntzatan egingo zuten berba. Ondorengoa, hala ere, argia: ez zuten, ezin izan zuten, gerra hura gelditu. Olerkia, Xabi Aburruzagak musikatu eta Geure, bere azken diskoan, jaso du; ahotsa, Zigor Sagarnarena.

Sarritan bezala, Gabi de la Mazak landu du karaoke gisa. 

Eta 36ko Gabonen ondoren etorri zen 37ko Udaberri galdua, ezta Josi?

Hitzaldi baten edukia… eta edukitzailea

Duela ia hilabete, Barakaldon Miguel Angel Santos Guerraren hitzaldi batera joan nintzen. Ez zen irakasle hau entzuten nuen lehenengo aldia; are, idazle oparo honen liburuak, eta idazlanak oro har, aspaldi hasi nintzen irakurtzen eta gaur egun ere irakurtzen ditut. Esate baterako, larunbatero El Adarve deritzon esparruan argitaratzen du –baina ez nuke esango blogaria denik, horri blog esaten dioten arren; egunkarietako blogei buruzko iritzia plazaratu dut dagoeneko–. Esan zituen gehienak ez ziren niretzat berriak izan; edonola ere, hizlari trebea da eta gustura entzuten den horietakoa.

Egun, aukera dexente dago batek esandakoak jaso eta plazaratzeko. Bat, adibidez, bideoz grabatu eta igotzea da; halaxe egin zuen Mikel Agirregabiriak eta geroago Josi Sierrak, Berritzegune Nagusiaren kanalean zintzilikatuta. Beste aukera bat, Storify erabiltzea, Berta Martinezek egin zuen bezala.

Nik, aldiz, beste bat baliatu nuen, Hizpideren 80. zenbakian argitaraturiko Guillermo Gómezen  artikuluan proposatutakoari jarraiki: google drive erabiltzea. Hau honela, hitzaldian bertan apunteak jaso nituen eta une hartan bertan Sarean partekatu; gerora idatzitakoa zuzendu eta osatu egin nuen. Parte hartu nahi izan dutenek ere izan dute horretarako aukera eta emaitza honetara iritsi gara.

Horra hor, beraz, hitzaldi baten edukiaren berri izateko edukitzaile desberdinak… eta osagarriak.