Bizkargin trumoye… Mendatan euriye?

Slideshare webguneak bertara igotako aurkezpenei audioak txertatzeko aukera bertan behera utziko du laster. Hau honela, egindako zenbait lan galdu egingo dira edota beste nonbait kokatu beharko dira. Egoera honetan nago; izan ere, nire aurkezpenak azken urteotan bisualak izan dira nagusiki, ahotsik gabe ez ziren autonomoak edo erabat ulergarriak.

Gertakari honek zer pentsatua eman dit, eta, seguruenik, zer ikasia ere bai. Gainera, ez da lehenengoz gertatzen; esate baterako, Mikel Agirregabiria kexu agertu da Blip delakoarekin jazotakoaz, jabeen aldaketa eman ondoren. Eta Iker Merodiok zalantzaren bat utzi du twitter dela-eta.

petitshoo Flickr-en (CC lizentziapean)

Teknologien munduan aldaketak azkar doaz. Beraz, jarrerak eta baloreak dira funtsezkoak, ez erreminta jakina. Alegia, kasu honetan aurkezpenei ahotsa jartzeko beste bideren bat topatu beharko horrek balio duela pentsatzekotan.

Hortaz aparte, dohaineko kultura hedatua dago Sarean; eta, berriz ere, beste froga bat dugu hemen. Handien interesak bestelakoak dira, ez gara interesik gabeko erakundeekin ari. Duela gutxi Jorge Campanillasek adierazi zuen bezala, aplikazio baten truke ordaintzen ez badugu, agian produktua gu geu izan gaitezke.

Halaber, edukiak geurek izan daitezke bai, guk geuk egindakoak, baina beste batzuen eskuetan jartzen ditugu, teorian behintzat baldintzak ezagunak izanda. Edonola ere, beste batzuen menpe geratzen gara. Jabe gaitezen ba, gero ustegabekorik izan ez dezagun.

Hitzaldi baten edukia… eta edukitzailea

Duela ia hilabete, Barakaldon Miguel Angel Santos Guerraren hitzaldi batera joan nintzen. Ez zen irakasle hau entzuten nuen lehenengo aldia; are, idazle oparo honen liburuak, eta idazlanak oro har, aspaldi hasi nintzen irakurtzen eta gaur egun ere irakurtzen ditut. Esate baterako, larunbatero El Adarve deritzon esparruan argitaratzen du –baina ez nuke esango blogaria denik, horri blog esaten dioten arren; egunkarietako blogei buruzko iritzia plazaratu dut dagoeneko–. Esan zituen gehienak ez ziren niretzat berriak izan; edonola ere, hizlari trebea da eta gustura entzuten den horietakoa.

Egun, aukera dexente dago batek esandakoak jaso eta plazaratzeko. Bat, adibidez, bideoz grabatu eta igotzea da; halaxe egin zuen Mikel Agirregabiriak eta geroago Josi Sierrak, Berritzegune Nagusiaren kanalean zintzilikatuta. Beste aukera bat, Storify erabiltzea, Berta Martinezek egin zuen bezala.

Nik, aldiz, beste bat baliatu nuen, Hizpideren 80. zenbakian argitaraturiko Guillermo Gómezen  artikuluan proposatutakoari jarraiki: google drive erabiltzea. Hau honela, hitzaldian bertan apunteak jaso nituen eta une hartan bertan Sarean partekatu; gerora idatzitakoa zuzendu eta osatu egin nuen. Parte hartu nahi izan dutenek ere izan dute horretarako aukera eta emaitza honetara iritsi gara.

Horra hor, beraz, hitzaldi baten edukiaren berri izateko edukitzaile desberdinak… eta osagarriak.

Ikasle arrakastatsuak (eta dituzten iritziak)

Joan den asteburuan irakurri nituen paperezko egunkarian eta, osorik ez bada ere, [Enlace roto.]: ikasketa unibertsitarioan arrakasta izan zuten hiru ikasleren iritziak, Wert ministroaren neurriei buruzkoak, besteak beste. Egia esan, gizon hau ez da ahazten den ministroetakoa izango, ez horixe.

PortaldelSur Es. Flickr-en CC lizentziapean

Irakurketak bestelako hausnarketetara ere eraman ninduen. Esate baterako, gizartean zer ulertzen den-dugun arrakastaz. Ikasle-bizitzan, behintzat, argi, artikuluan agertu bezalaxe; nola heltzen den puntuazio horretara, nola ebaluatzen den, beste upeleko sagardoa da.

Halaber, ez ei dator beti bat ikasketetan arrakasta izatea eta gero bizitzan zer gertatuko den. Horrela agertu zuen Mikel Agirregabiriak bere blogean, goi mailara iritsi diren bi politikariren kasuan behintzat. Are, ez dut dena gogoratzen, baina aipaturiko hiru ikasleek ez dituzte lortu -oraindik- lan “bikainak”.

Azkena gaurkoz; iritzietan agertu bezalaxe, dirua izan liteke azkenean -bizitzan beste esparru batzuetan ere sarriegi gertatu bezala- goi-mailako ikasketetarako giltza, gaitasunaren gainetik. Hau ote da “gure posibilitateen gainetik” bizi izanaren adierazleetako bat? Lankide bati aspaldi entzun nionez, agian “exito” “ez ito” izango da.