Hiru urte zurekin

Gaurko egunez hasi zen Iñaki hemen idazten 2013an; hiru urte joan dira beraz dagoeneko. Ez nuen ospakizun handirik espero eta halaxe izango dela baieztatu dit, aurreko urteetan bezalaxe; ezohiko sarrera batekin zorionduko nau berak, 2014an eta 2015ean bezala. Are, iaz esandako kontu berberak errepikatuko lituzkeelakoan nago horrela egitea gustatuko balitzaio. Baina badakit beti ukitu berezi eman nahi izaten duela, baita nire kasuan ere.

Ez dakit beste inor gogoratuko den nitaz; “anaia nagusia” akaso. Baina hemen nago, nire txikitasunean, blogosfera herri zabalean eta Deiako auzo blogosferikoan.

Alan Levine Flickr-en (CC lizentziapean)

Egia esan, oraindik orain nirekiko zalantzak dituela sumatzen diot; isiltasun-tarteak izan ditudala argi dago eta Botxotik Ziberespaziora baino gazteago izanagatik, edo horregatik agian, ez naiz bestearen mailan hazten; apurka-apurka segitzen dut nire bidea egiten. Ez dut zarata handirik egiten, ezta polemikarik sortarazten ere. Emeki-emeki noa. Iñakiren hasierako hautuari bere horretan segitu dio: euskara dut hizkuntza eta hezkuntza, zentzu zabalean, gai eta esparru.

Hala ere, pozik nago. Hiru urteko ibilbidea bada denbora blog batentzat; 2007an egindako ikerketa batean 15 hilabete inguruko batez besteko iraupena zutela ondorioztatu zuten eta harrez gero blogen bizitza zaildu egin dela iruditzen zait; beste batzuen ustez, % 95a ez da lehen urtera heltzen. Gainera, propio sortzen ditu gehienetan edukiak hemen jartzeko. Itsaso zabalean tokitxo bat dudala pentsatzen duen bitartean behintzat, itsasoan urak handi direla ahaztu gabe.

Urte bete zurekin

Txakurren urteak eta pertsonen urteak ez ei datoz bat; lehengoan irakurri nuenez, txakur baten lehendabiziko urteari pertsonaren hamabost dagozkio. Ez dakit blogekin ere halako zerbait gertatzen ote den, baina ez nintzateke harrituko halaxe balitz.

leo.prie.to Flickr-en (cc lizentziapean)

Ia konturatu gabe, honek ere urte bat bete duela konturatu naiz. Bidean, 57 sarrera, zureganatu ditudan nire pentsamenduaren 57 ataltxo. Beharbada, honezkero hobeto ulertuko duzu zergatik esaten diodan neure buruari “ikasle eta irakasle”

Hortaz aparte, hasierako lehendabiziko helburua beteta gainera; astero-astero ikas-irakaskuntzari buruzko hausnarketa hurbiltzea zuregana. Bidean asmatzen ari naizen ala ez, zeuk esan edota idatzi beharko, bidaide zaitudan horrek.

Gaurko hitzaren 5. urteurrena

Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, ez, bost urtez, egunez egun, ekimen bati ekitea. Are aipagarriagoa, nire ustez, helburua erakustea eta irakastea denean. Eta hor dugu Maite Goñi Gaurko hitzarekin.

Gaurko hitzak, gainera, baditu bere spin-offak; jokoa edo hitza-pasa, esate baterako. Eta antzeko norabidea duen Esaera jatorrak esparrua, adibidez.

Era desberdinetan ospatu ditu orain arte urteurrenak Maitek. Esate baterako, bigarrenean, bideoak egiteko proposatu zigun. Eta askok, erantzun; ehun inguruk. Neu ere “engainatu” ninduela onartu behar. Begira begira.

YouTube Preview Image

Hirugarrena, itzela izan zen: lagunen bilera Donostian. Far westetik ere abiatu ginen, argazkian ikusten den bezala.

Laugarrena “xumeagoa” izan zen. Eta bosgarrena? Abian dabil egunotan; begiratu twitterren #gaurkohitza5 traola.

Oraingoan ere hartu dut parte. Honela

Pinterest gunean bildu ditu argazki guztiak.

Dena den, ez da Maite Goñik egiten duen kontu bakarra, ez horixe. Izan ere, hiri-legenda baten arabera, ezinezkoa denez berak beste gauza egitea eta dagoen toki guztietan egotea, bere itxura handia duten Goñiki izenko panpin batzuk ei daude hortik zehar barreiaturik funtzio horiek betetzen.

Zorionak eta aurrera!