Titirietarrak

Joño!, esan nuen neure artean, telebistari begira nengoela eta “GORA ALKA-ETA” ikusi nuenean txotxongiloen kaleko agertoki baten. Eta baniharduen neure artean esaten: zelako kaltea egin dion Espainiako Erresumari Werten LOMCEk bere bizitza laburrean; daborduko gazteek ez dakite idazten ‘alcayata’ ere, eta euskara eta gaztelania elkarrekin nahastu. Ene bada!

Akats ortografikodun horma-irudia

Halako baten, telebistak bere kasa kanala aldatu zuela begitandu zitzaidan, espainiar poliziak antzezle batzuk kartzelara eroan zituela entzun nuelarik. Ez, bada; txotxongiloen ahotsak azpitik ipintzen izan zituzten antzezleak ziren kartzelaratutakoak. “Azpitik” diot, ze taldearen izenak halaxe adierazten du: Títeres desde Abajo.

Ondoren etorri ziren batzuen eta besteen iritziak, kontu (ipuin?) hori zela eta ez zela. Horietatik guztietatik, Celia Mayer arloko zinegotziarenak ditut nabarmendu beharrekoak. Hara bada! Esan zuen demokraziazale horrek erantzukizun politikoak garbituko zituztela. Nik, on hutsak, ulertu nuen, bere karguari utziko ziola. Bai zera! Erantzukizun politikoak programatzaileei egotzi zizkien, Laurenti Beria Jose Stalinen egikaritzaile trebearen tradiziorik onenean.

Erantzukizun politikoak eskatzeari buruz, ideia bereziak dituen herri-karguduna

Erraza da ulertzea: Celia Mayerren ustez, erantzukizun politikoak eman behar dituzte herri-karguetan ez dihardutenek, batez ere berari dagokionean erantzukizuna bere egitea. Erabat logikoa! Hobeto zukeen litxarrerian ibili izan balitz!

Badaezpada, berak jarri zuen salaketa antzezleen aurka, eta gero eskatu zuen salaketa kentzeko. Koherentziaren paradigma, andrazko honena, alajaina!

Zenbat eta arreta handiagoa eman kontuari, orduan eta irribarretsuago nire aurpegia. Eta hara non irakurri nuen Josetxu Rodríguezen Deiaren otsailaren 12ko edizioan “Titirietarrak” artikulua. Honezkero konturatuko zinetenez, berari ostu diot izenburua.

[Enlace roto.]

Orain Josetxu Rodríguezek egin zuen ohar baten gainean jardun nahiko nuke. Izan ere, arazoa ez da titirietarrak atxilotzea, legea hautsi bazuten. Legea hausten duenari ezarri behar zaio berari dagokion zigorra. Kontua da ea lege hori legitimoa den edo ez. Hor dago koxka.

Legeak, zuzena izango bada, bidezkoa behar du. Badira legitimoak (izan) ez diren lege askoren aleak; ez naiz luzatuko, eta berau bakarrik ipiniko dut adibide legez: 1944ko Zigor Kodeak adulterioa delitu gisa hartzen zuen, eta berau egiten zutenei kartzela zigorra ipini. Legezkoa bai, legebidezkoa, ostera?

Antzezleek daborduko utzi dute estatuaren ostatua

Bada, gauza bera gertatzen da gaur egun indarrean dirauen Zigor Kodearen 578. artikuluarekin. Artikulu hori aldatu zen, José María Aznar espainiar gobernuan zegoela 2000ko abenduaren 23an, terrorismoaren laudatzea zigortzeko. Hurrengo aldaketa 2015eko martxoaren 31n egin zen Mariano Rajoy gobernuan zegoela, eta eskuzapiari beste bihurritu bat eman. Non ziren 2000. urtean gaur egun lege hori ez betetzen eskatzen dutenetako batzuk? PSOEk orduan baiezko botoa eman zuen. A! Ahaztu egin zait: orduan ETA indarrean zegoen.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *