Gabarra ala gabemea?: andrazkoen eskubideak

Nahita, gurata laga dut igarotzen Donibane Jaungoikoaren Eguna, Andrazkoaren Eguna, martxoaren 8a.

Gurata, nahita utzi dut pasatzen, andrazkoen eskubideen aldeko aldarrikapenak, mota orotakoak, irakurri, entzun eta ikusi nahi nituelako.

Begitazioa daukat, egin diren aldarrikapenak orokorregiak izan direla, abstraktutasunean gelditu direla. Bestela esango dut: nork egin ditzakeenak, norberarentzat ezein ahaleginik ekarri barik. Hau da, doako elkartasunaren barruan murgildu egin dira aldarrikapen horiek guztiak; ez dute ezein kosturik norberarentzat, baina norbera oso dotore eta aurrerakoi geratzen da besteen aurrean.

Esaten da lanbide askotan andrazkoek gutxiago kobratzen dutela gizonezkoek baino, eta egia da. Esaten da enpresen zuzendaritzako batzetan askozaz gizonezko gehiago daudela andrazkoak baino, eta egia da. Esaten da IBEXen kotizatzen duten enpresetan ia andrazko bat ere ez dagoela, eta egia da. Oso salaketa laudagarriak, baina huts eta hutsalak. Zertan gelditzen dira buruenean?

Bada, Jaungoikoaren graziako 2016. urte honetan, nik andrazko jakin batzuen eskubide zehatz bat aldarrikatu nahi dut: aitortza-berdintasunerako eskubidea. Athleticeko andrazkoen taldeak Liga edo Erreginaren Kopa irabazten badu, gure jokalariak atera ditzagula gabarran Ibaizabalen zehar. Ez ditzagula ilunpeko gabeme baten ezkuta. Nire ustez, hau bada eskubide bat, zehatza eta benetakoa dena. Ez al du meritu berdina andrazko zuri-gorriek eta gizonezko zuri-gorriek nork bere txapelketa irabazteak, zeinek bere neurrian? Orain arte beti ukatzen izan diegu aitortza hori. Zergatik? Beharbada, askoren ustez andrazkoen futbola ez delako benetako futbola? Ala bada arrazoi sakonagorik?

Hau idazten dihardudala, hamabi partida falta dituzte gure andrazkoek liga amaitzeko, Athleticek Bartzelonari lau puntuko aldea kentzen dio, eta edozer gerta daiteke. Betiere, gure lehoi emeentzat pizgarri ederra izango litzateke Liga edo Erreginaren Kopa irabazteak herri oso baten aitortza, behar bezalakoa, jasoko duela jakitea. Merezimendu osoz hainbatetan irabazi baina arrazoi sinesgarri barik egundaino ukatu diegun aitortza. Gure esku dago bidegabekeria honi amaiera ematea.

Zuetako askok uste izango du Athleticeko gizonezkoen partidek askozaz jarraitzaile gehiago dutela andrazkoen partidek baino. Jakina. Eta gizonezkoek Santimamin jokatzen dute, eta andrazkoek Lezaman. Horrek gomutara dakarkit euskararen inguruan urte askotan erabiltzen izan den arrazoi ospetsu hau: “Hiritarrek ez dute eskatzen zerbitzua euskaraz ematea”. Horri deritzo ‘eragindako eskari’. Jakina, jendeak ez zekien zerbitzua euskaraz ere bai jaso zezakeela, eta eskari hori ez zen aldatu, harik eta zerbitzua euskaraz ere bai ematen zela jakinarazi arte. Errealitateak ez dira berez aldatzen. Sarritan horiei bultzadatxo bat eman behar zaie, eurok aldarazteko.

Horregatik, lehenengoz, dei degiot, lehenengo eta bat, Athleticeko zuzendaritzako batzari, kontu honetan duen erantzukizunarekin jabetu, eta inoren aldeko aldarrikapen batzuk egin dituen moduan, orain gauza dezan eskubide hori etxe barruan.

Bigarren, dei degiet Athleticeko jokalari gizonezkoei, eurek ere andrazko jokalariei dagokien aitortza-berdintasun hori aldarrika dezaten, bai klubaren barruan, bai gizartearen aurrean.

Hirugarren, dei degiet Athleticen familia osatzen dugunoi, beste hainbat arlotan erreibindikatzen duguna geure etxean ere bai aitor dezagun.

Laugarren, dei degiet Bilboko eta Bizkaiko herri-kargudunei, aitortza-berdintasun hau bultza eta gizartera dezaten.

Bosgarren, ‘last but not least’, dei degiot Emakunderi. Hondarribiko Alardearen kontuan agertu zen bezain irmo ager dadin kontu honetan ere bai.

Ez gaitezen izan, euskal esaera zaharrak zioen legez, “kanpoan uso, etxean otso”.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *