Gipuzkoako erraustegia: paradoxaren handia!

Egia aitortuko dizuet: gogaituta narabilte Gipuzkoako erraustegiaren aurka behin eta berriro ageri direnek. Gogaituta narabilte arrazoi askorengatik, ez erraustegiaren aurka egoteagatik (bakarrik).

ETBn kale-agerraldira joandako baten adierazpenak entzun nituen. Labur-edo.

Bazioen gure kale-agertzaileak gipuzkoarrek ez dutela erraustegirik nahi. Ez du ematen hala denik, bada, udal eta foru hauteskundeetako emaitzei erreparatuz gero.

Areago, erraustegiaren aurka nabarien agertu zirenek eta direnek zergatik ez zuten erreferendum baterako deialdirik egin gai honen inguruan Gipuzkoako Foru Aldundiaren agintean zeudelarik? Bazekitelako emaitza zein izango zatekeen?

Areago, zer uste dute? Guztiok gaudela oker eurak izan ezik? Honek gomutara dakarkit autobideko pasadizoa. Badakizue, auto-gidari guztiak doaz okerreko norabidean, hau da, norberaren norabidearen kontra datozen guztiak! Ene, bada, hau harria!

Areago, ingurumen-arloan aurreratuen jokatzen duten herrialde guztiak ere oker daude? Ez litzateke alferrekoa izango Europara eginiko bidaia gomutaraztea. Bietako bat: edo ingelesez jardun zuten europar solaskideek Liverpooleko ingelesez egin zuten berba eta orduko foru aldundiaren ordezkariek ingeles batuaz baino ez zekiten, edo europar solaskideak azalpenak ematen ari zirela, orduko gipuzkoar ordezkariak guatxapak bidaltzen aritzen ziren hedabideetara, Europar Batasuneko agintariekin batzarrean zirela zabaltzeko.

Zergatik ote dihardute hain sutsu independentzia energetikoaren bidean aurrera garamatzan konponbide baten aurka berbaz behintzat independentzia politikoa aldarrikatzen duten horiek? Ez ahaztu zer jazo zen Boroako zentral termikoarekin.

Zergatik egiten ote dute bat euskal herrien kohesioa areagotzen duten elementuen aurka mutur batekoek eta bestekoek? Berbarako, euskal herrietako lurraldearen kohesiorako bultzagarria den abiadura handiko trenaren aurka dihardute ezker abertzalekoek eta espainiar gobernukoek. Batzuek aldarriak egiten dituztelarik, besteek ez dute dirurik ipintzen aurrekontuetan. Hauxe bai paradoxaren paradoxa! Ala ez?

Amaitzeko, itaun xume eta bestelako asmorik gabeko bat: Donostiako lehengo eguneko kale-agerraldikoetarik inork errauts bihurtu du senideren baten gorpua? Ala lurpetu du? Ziur inork ez duela senideren baten hilotza erre? Kontu dezagun erre dutela. Haien senideen gorpuzkinek ez dute kutsatzen, ala?

 

2 comentarios sobre “Gipuzkoako erraustegia: paradoxaren handia!”

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos necesarios están marcados *


*

Puedes usar las siguientes etiquetas y atributos HTML: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>