Britainiarra izan nahiko nuke

Denboratxoa igaroa da britainiarrek Europar Batasunetik urtetea erabaki zutenetik. Denetariko iritziak entzun ditugu, gehienak arranguratzeko erabakiagatik. Niri dagokidanez, gogoeta hau egin nahiko nuke.

BREXITen aldekoak

Lehenengo eta behin, herri burujabe batek hartutako erabakia da; halandaze, eskubide eta legitimitate osoz jokatu du britainiar herriak.

Bigarrenez, britainiar herriak bere burujabetasuna erabili du, orain urte batzuk erabili zuen moduan, beste taxu bateko erabakia hartzeko. Eta oinarria bat bera da: bai Europar Batasunera sartzeko, bai Europar Batasunetik urteteko.

Union Jack

Hirugarrenez, eta aurrekoaren ondorioz, britainiar herriak Europar Batasunera sartzeko erabakia hartu zuenean, berak ez zuen bere burujabetasuna inoren eskuan laga, ez zion inori eman, ezpada berari doazkion interesak beste batzuekin batera kudeatzea onartu zuen. Betiere, erabaki horrek ez zuen sekula baldintzatu britainiarren burujabetasuna, ez eta etorkizunean baldintzatuko ere.

Britainia Handiko herriak eta euren ikurrinak

Laugarrenez, Britainia Handiaren barrura begira, erabakitzeko eskubidea hura osatzen duten herrietan datza, hau da, herri horietako bakoitza subjektu politiko bakarra da. Britainia Handitik kanpora begira, berriz, herri horiei guztiei doazkien erabakiak batera hartzeko, subjektu politiko bakarra eratzen dute: berriro agertzen zaigu burujabetasunaren kontzeptu dinamiko eta erabat demokratikoa.

Britainia Handiko nazioak

Bosgarrenez, britainiarrek estatu-mailako aitzindariak dituzte. Errepara diezaiogun David Cameroni.

Eskoziak bere burujabetasuna erabiltzeko galdatu zionean, onartu egin zuen. Erreferenduma antolatu zuen, berak kanpaina egin zuen Eskoziak Britainia Handian irauteko, betiere lehendaurrez esanda emaitza izango zena izango zela, horixe beteko zela.

David Cameron bere dimisioa ematen ari dela. Haren ondoan emaztea, Samantha Gwendoline Cameron (Sheffield jaioa)

Oraingoan ere, David Cameronek erreferendumerako deialdia egin du britainiar herriaren baitan nabaria zen nahiari erantzuna emateko. Eta berak oraingoan ere bai kanpaina egin du, Britainia Handia Europar Batasunaren barruan irautearen alde; oraingoan, ostera, Europar Batasunetik urtetearen aldekoak izan dira garaileak, eta berak, ezeri itxaron barik, dimisioa eman du, berak uste duelako bera ez dela Britainia Handiak garai berri honetarako behar duen aitzindaria.

Ikasbidea: estatu indartsu bat ez da ezeren beldur; hezurmamitu barik dagoen estatu bat, ostera, beldurrak airean dabil edozein erabakiren aurrean, eta estatu horren aitzindariak, oro har, edu berekoak dira.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *