Abortua eta demokrazia

Iragan asteartean, hilak 19, Zigor arloko Madrilgo 19. Auzitegian epaiketa hasi zen Femen elkarteko bost ekintzaileren aurka.

Femen elkarteko ekintzaile auzipetuak

Arazoa 2015eko azaroaren 17an sortu zen. Egun horretan, abortuaren aurkako kale-agerraldian ziren milaka lagun, Asociación Enraizados en Cristo y en la Sociedad elkarteak deituta.

2015eko azaroaren 17ko kale-agerraldia

Behar den moduko demokrazia baten adierazpen-askatasunerako eskubidea bermatu behar da iritzi guztientzat, bai eta elkarren aurkakoak direnentzat ere. Halandaze, Asociación Enraizados en Cristo y en la Sociedad elkarteak bere iritzia gizarteratu nahi izan zuen eskubide osoarekin. Femen elkartekoek, ostera, ez zioten egoki iritzi horri, eta kale-agerraldira azaldu ziren euren mezua emateko.

Lehenengo eta behin, demokrazia bat egiteko, legeak ezinbestekoak dira, baina ez dira nahikoak. Gizarteko pertsonek onartu behar dituzte demokraziak guztientzat ezartzen dituen eskubideak, eta onartu behar dute euren iritzikoak ez besteentzat ere badirena halako eskubideak. Izan ere, Femen elkartekoek aukera dute euren iritzira bildu nahi duten pertsonei dei egiteko. Hauxe da demokrazia baten benetako oinarria: nork bere buruarentzat aldarrikatzen duen eskubidea bere aburuaren aurkakoentzat ere onartzea.

Bigarrenez, gerritik gora biluzik joan ziren Femen elkartekoak kale-agerraldi horretara, jakin bazekitela kale-agerraldian zirenek irain legez hartuko zutena jarrera hori.

Coordinadora Feministak deituta, abortuaren aldeko kale-agerraldi baketsua Madrilen 2014ko irailaren 28an

Horren ondorioz, Fiskaltzak, besteak beste, bederatzi hilabeteko presoaldia eskatu du Femen elkarteko ekintzaileen aurka. Eta horrek dakar, Femen elkartekoak kondenatuak izanagatik, ez dutela zertan kartzelara sartu. Neurri egokia, nire ustez.

Asociación Enraizados en Cristo y en la Sociedad elkarteak, berriz, sei urte eta erdiko kartzela eskatu du. Hau da: kodenak kartzela dakar ezinbestean. Eta hemen dago beste kontraesan bat: baldin eta elkarte horretako kideak Kristorengan benetan zuztartuta baleude, ez zuketen kartzela-zigorrik eskatuko, ezpada barkatu beharko zieketen. Betiere, beste askotan legez, Kristoren izena erabiltzen da haren mezutik mila legoatara dagoen iritzi bati eusteko.

Jesus, Mari eta Jose!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *