Autogobernuaren ponentzia: egia eta egiantza

John Case-k The Genesis Code liburuan dioenez, ez da beharrezkoa inork ezer txarto egitea, nahikoa da zerbait txarto dagoelako irudia egotea. Bestela esanda, garrantzitsua ez da egia, ezperen egiantza. Diotenez, irudiaren mendean suertatu zaigu bizi izatea… ala irudikeriaren mendean?

Ez dut atsegin profetarena edo aztiarena edo igarlearena egitea; betiere, iritzia aurretik ematea nahiago dut gertakaria jazo ondorik ageri-agerikoa dena esatea baino.

Eusko Jaurlaritzaren ardatzetako bat autogobernua da. Eusko Jaurlaritza osatzen duten alderdi biek, EAJk bezala PSE-EEk, autogobernuaren ponentzia sortzea eskatu dute. Behar-beharrezkoa, behingoan herri honen aspaldiko aldarriari kasu egingo bazaio!

Daborduko iragartzen dut laster jarriko dela abian espainiar hedabideen armada betiko esaldi zahar-zaharkitu eta ustel-usteldu-ustelgarriekin. Daborduko iragartzen dut herrarik sustraituenak azalaraziko dituztela herri honen gehiengoak zabaldu nahi duen bidea ixteko. Daborduko iragartzen dut egia erdiak, egiak eta egiantzak eta gezurrak nahaste, gezurrak eta gezurrak elkarren gainean, eta bestelako argudiokeriak erabiliko dituztela espainiar nortasun baterakoi, itogarri, etsigarri, ultramontano eta karpetobetonikoaren alde.

Era berean, daborduko iragartzen dut egiantzak denbora baten garai dezakeela egia; era berean, daborduko iragartzen dut ikuspegi politiko ezberdinak elkarren aurrean jarri beharrean arimaren barreneko gogorik zitalenak agerraraziko dituztela; era berean, daborduko iragartzen dut espainiar hedabideen iritziak nonahi, noiznahi, nondik-nahi eta noranahi entzuteko aukera izango dugula; era berean, daborduko iragartzen dut Eusko Jaurlaritzaren ahotsa edonola, edonoiz, edonondik eta edonora isildu egingo dutela.

Betiere, daborduko berdin iragartzen dut herri honen nahia ez dutela isilaraziko; daborduko berdin iragartzen dut herri honek jakingo duela egundaino legez arazoari neurria hartzen; daborduko berdin iragartzen dut herri honek irauntza izango duela oinarri bere jardunean; daborduko berdin iragartzen dut egiantzak, geroenean, ez duela egia garaituko.

Labur-zurrean, alimaleko tamaina ez duenak gaitzeko buruargitasuna behar du. Historian zehar, euskaldun herriak hori baduena egia dela antzina du frogatuta.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos necesarios están marcados *


*

Puedes usar las siguientes etiquetas y atributos HTML: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>