Frantsesak 0 — Euskarak 5?

Herria astekariaren 2016ko abenduaren 8ko alean, 3379. zenbakian, Erramun Bachoc-en “Erakunde bakarra eta jadanik bost izen” artikulua ageri da. Artikulu benetan aipagarria! Batez ere, euskaldunok sarriegi alferreko gaietan gure indarrak xahutzeko daukagun trebezia agertzen duelako.

Izan ere, 2017ko urtarrilean Iparraldeko 158 udalerriak batuko dituen erakundea jaioko da. Erramun Bachoc-ek dioenez, uztariztar Garat anaiek orain 226 urte egindako eskaerari erantzutera dator erakunde berri hori. Izango al da euskal sena indartzeko eta euskal erkidegoa gotortzeko lanabesa!

Dominique Joseph Garat Hiriart

Bada, hartan-horretan, aitabitxi eta amabitxi ugari agertu zaizkio artean jaio barik dagoen erakunde horri. Eta, jakina! Bataio guztietan jazo antzo, nork bere izena ipini nahi dio umeari… bere ikusmoldearen arabera.

Kontu bitxi bat gertatzen da: oraindik izen ofizialik ez duen erakundeari, oraindik jaio ez den umeari, euskaldunok, geure sormenari atsedenik ez ematearren, bost izen ipini dizkiogu . Hona hemen izenok: Euskal Herria Elkargoa, Euskal Elkargoa, Euskal Herriko Hirigune Elkargoa, Ipar Euskal Herriko Hirigune Elkargoa eta Euskal Herrien Elkargoa.

Nork esan zuen euskaldunok irudimenik gabeko herri ginela?

Benito Lertxundik bere kantuetako baten esan zuen legez, “herri neketsu honetan” bizi izateak pentsatzea bera ere neketsu bihurtzen du.

Dominique Garat Hiriart

Ez naiz beste bataio-izen bat ipintzen ahaleginduko. Daborduko, nahiko eta sobera dauka ume gixajo horrek. Edozelan ere, ez litzateke txarra izango Euskaltzaindiari aholkua eskatzea, guzti-guztiok ezein arazo barik erabil genezakeen izena proposa lezan.

Ez dakigula gerta Mikel Zaratek Ipuin antzeko alegi mingotsak izeneko liburuan aurpegiaren aurrean jarri zigun egoera.

Ez dakigula gerta “Comunidad Autónoma Vasca”ren euskal ordaina berdin erabiltzeko eman genituen alferreko urteak berriro bizi behar izatea.

Borondatea, gogoa eta ekimena onak dira… ondo bideratuta daudenean. Bestela, behar baino buruhauste gehiago ematen dizkigute, eta euskararen estandarizaziorako ahaleginak benetako gaietan egin beharrean ageriko eta axaleko kontutxoetan emango ditugu. Alferrik eta kalterako! Berriro ere!

Ez dakigula gerta!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *