Zergatik emango diot botoa EAJri?

Espainiar politikariek egin beharko zuketen lana egin ez zutelako berriro ditugu Espainiako Gorte Nagusietarako hauteskundeak begien aurrean. Nik San Tomas egunaren bezperan Euzko Alderdi Jeltzaleari eman nion botoa. Eta oraingoan ere bai hari emango diot botoa.

Baten batek bere gogoan erabil dezake gogoeta hau: “Jakina, Euzko Alderdi Jeltzalearen alderdikidea zarelako, emango diozu hari botoa”.

Eta hizpidean da gogoeta hori darabilena. Ez da, horratik, arrazoi bakarra. Hona hemen, arrazoi nagusietako batzuk, Euzko Alderdi Jeltzaleari botoa emateko:

  1. Nire alderdia Euzko Alderdi Jeltzalea delako,
  2. nire goiburua (JeL) EAJk ordezkatzen duelako,
  3. EAJren helburu politiko bakarra Euzkadi delako,
  4. EAJ alderdirik aurrerakoiena delako hauteskunde hauetara aurkezten diren zerrenda guztietatik (ikusi berak darabiltzan gizarte-politikak, eta erkatu besteek darabiltzatenekin),
  5. EAJ berbako alderdia delako (agindutakoa betetzen du),
  6. EAJren andre-gizonek politika egiteko duten estiloa etikoa delako,
  7. EAJren ibilbide politikoa haren bermerik handiena delako,
  8. EAJk beti ipintzen dituelako Euzkadiren interesak berari komeni izan lekizkiokeenen aurrean (gomutatu Loiola eta abar),
  9. EAJk egiten diharduen herrigintzan inor atzean ez uzteko asmoa duelako, eta
  10. nire barrenengo gogoak hala nahi duelako.

Lagunok, alderdikide zaituztedanok, jaso ezazue agur bero bat JELpean, eta ahaleginik handienak egin botoak etxeratzen (beti egiten izan dugun moduan, bide batez esanda).

Lagunok, alderdikide ez zaituztedanok, jaso ezazue agur bero eta zabal bat bihotz barrendik,  EAJri botoa emateko asmoa eduki nahiz EAJri botorik emateko asmorik eduki ez.

Betiere, eta begirune osoarekin, oraingoz beste alderdi politiko bati botoa ematekotan zaudetenok, pentsatu gure andre-gizonekin bertotik bertora hitz egin dezakezuela, eta ez duzuela ehunka kilometrorik egin beharrik izango gure herri-ordezkariei zuen kexa eta iradokizunak azaltzeko. Errespetu osoz, eta, aldi berean, hezurretaraino sinetsita, botoa eskatzen dizuet EAJrentzat, hau da, Euzkadirentzat eta beraren gizarteko kide guzti-guztientzat.

Gipuzkoako erraustegia: paradoxaren handia!

Egia aitortuko dizuet: gogaituta narabilte Gipuzkoako erraustegiaren aurka behin eta berriro ageri direnek. Gogaituta narabilte arrazoi askorengatik, ez erraustegiaren aurka egoteagatik (bakarrik).

ETBn kale-agerraldira joandako baten adierazpenak entzun nituen. Labur-edo.

Bazioen gure kale-agertzaileak gipuzkoarrek ez dutela erraustegirik nahi. Ez du ematen hala denik, bada, udal eta foru hauteskundeetako emaitzei erreparatuz gero.

Areago, erraustegiaren aurka nabarien agertu zirenek eta direnek zergatik ez zuten erreferendum baterako deialdirik egin gai honen inguruan Gipuzkoako Foru Aldundiaren agintean zeudelarik? Bazekitelako emaitza zein izango zatekeen?

Areago, zer uste dute? Guztiok gaudela oker eurak izan ezik? Honek gomutara dakarkit autobideko pasadizoa. Badakizue, auto-gidari guztiak doaz okerreko norabidean, hau da, norberaren norabidearen kontra datozen guztiak! Ene, bada, hau harria!

Areago, ingurumen-arloan aurreratuen jokatzen duten herrialde guztiak ere oker daude? Ez litzateke alferrekoa izango Europara eginiko bidaia gomutaraztea. Bietako bat: edo ingelesez jardun zuten europar solaskideek Liverpooleko ingelesez egin zuten berba eta orduko foru aldundiaren ordezkariek ingeles batuaz baino ez zekiten, edo europar solaskideak azalpenak ematen ari zirela, orduko gipuzkoar ordezkariak guatxapak bidaltzen aritzen ziren hedabideetara, Europar Batasuneko agintariekin batzarrean zirela zabaltzeko.

Zergatik ote dihardute hain sutsu independentzia energetikoaren bidean aurrera garamatzan konponbide baten aurka berbaz behintzat independentzia politikoa aldarrikatzen duten horiek? Ez ahaztu zer jazo zen Boroako zentral termikoarekin.

Zergatik egiten ote dute bat euskal herrien kohesioa areagotzen duten elementuen aurka mutur batekoek eta bestekoek? Berbarako, euskal herrietako lurraldearen kohesiorako bultzagarria den abiadura handiko trenaren aurka dihardute ezker abertzalekoek eta espainiar gobernukoek. Batzuek aldarriak egiten dituztelarik, besteek ez dute dirurik ipintzen aurrekontuetan. Hauxe bai paradoxaren paradoxa! Ala ez?

Amaitzeko, itaun xume eta bestelako asmorik gabeko bat: Donostiako lehengo eguneko kale-agerraldikoetarik inork errauts bihurtu du senideren baten gorpua? Ala lurpetu du? Ziur inork ez duela senideren baten hilotza erre? Kontu dezagun erre dutela. Haien senideen gorpuzkinek ez dute kutsatzen, ala?

 

Legearen inperioa: LOMCE, KAR, KAR!!!

Aste honetan ikusi dugu. Espainiako Hezkuntzako ministroa eta unibertsitateetako errektoreak batzartu dira aurtengo selektibitatearen frogak ezartzeko.

Bada, Hezkuntzako ministroak eta errektoreek erabaki dute LEGEA EZ BETETZEA. BAI ETA.

Espainiako Gorte Nagusiek LOMCE onartu zutenean esan nuen eta oraingoan ere berriro esango dut: ez dago lege txarragorik betetzen ez dena baino.

Orduan PPk erabaki zuen, hain lekutatik urten ziolako gogoak eta beste guztien aurka, LOMCE onartzea. Emaitza agerian dago.

Betiere, badago kontu bat inork aztertu ez duena: Hezkuntzako ministroak PREBARIKAZIOA egin du, zergatik eta nahita eta legearen aurkakoa dela dakielarik, erabaki duelako legea ez betetzea. Inork eroango ote du Hezkuntzako ministroa auzitegietara?

Legearen inperioak euskal abertzaletasunaren aurka edota abertzaletasun katalanaren aurka bakarrik balio ote du?

Jesus, Mari eta Jose! Hauxe da harria, hauxe!

 

Idomenian elemenia: eutsi musulmanei edo greziar mugazain baten gogoeta

Siriar erbestetuak Idomenian.

«Grezia eta Mazedoniaren artean nago. Laster beteko dira 563 urte (maiatzaren 29an), Konstantinopla Mehmet II.a errege otomandarrak kendu zigunetik.

»Ordutik eta XIX. gizaldiaren hirugarren hamarkadara gure kristautasuna zapaltzen izan zuten turkiar musulmanek.

»Musulmanen esklaboak izan ziren gure asaba eta arbasoak. Eta kristauok musulmanen mendean bizi behar izan genuen.

»Gutako askori sinesmena aldatu eragin zieten, eta musulman bihurtu ziren haiek otomandarrak bezalakoak ziren, eta hainbatetan okerragoak.

»Jaungoikoari esker, gure asaba eta arbasoetako askok jadetsi zuten geure sinesmenari (benetako bakarrari) eustea. Horiei esker gara gaur egun kristauak.

Bizantzio.

»XV. gizaldian otomandarrek armen indarrez kendu ziguten gure hiri sakratua, eta gure eliza santua meskita bihurtu. Elemenia bat jenderen gudarosteak eta Sartalde kristauaren arduragabekeriak ekarri zuten Sortaldeko Erromatar Inperioaren ausiabartza.

»Konstantino XI.a Paleologoari moztu zioten otomandarrek lepoa, jenizaroen indarraz, hau da, musulman bihurturiko kristau ohi bortitzenen indarraz. Nik ez dut nahi gure seme-alabak izan daitezen gure zibilizazioaren akabatzaileak.

»Egun, musulmanak orduan legez ere elemeniaka ageri dira gure ateetara. Horregatik nago hemen: orain dela ia 563 urte jazo zena berriro gerta ez dadin. Oraingo honetan Sartaldeko Europak ezin izan du ez ikusiarena egin, haren bihotzaren barrenean jo dutelako musulmanek.

»Kristauok akabatu nahi gaituzte berriz ere. Gure seme-alabak salbatzea nire esku dago. Eta edozer egiteko prest nago.

»Gas negar-eragilea erabili behar badut, erabiliko dut, musulmanek euren seme-alabak lehenengo lerroan ipintzen badituzte ere.

»Oraingoan, gure seme-alabek ez dute besarkatuko islama. Ez dira gaurko jenizaroak izango, ez eta bihar-etzikoak ere.

»Ongikeriak ez gaitu salbatuko lurreko infernutik. Armak ditut eskuan eta erabiliko ditut. Nire seme-alabak gogoan beti.

Greziar poliziak siriar erbestetuei eusten.

»Banoa mugara. Goizeko txanda daukat. Atzo telebistan azaldu nintzen kolpeak ematen muga igarotzen ahalegindu zirenei. Ez, ez dira igaroko ni nagoen bitartean. Oraingoan ez. Neure kristautasunak eta neure sendiak eskatzen didate. Eta gaur atzo bezain gartsu jardungo dut, musulmanak Sartaldeko zibilizaziotik kanpo uzteko.

»Banoa, Sofia maitea, gaur zure senarrak, atzo legez, ahaleginak eta bost egingo ditu zugana bihurtzeko; banoa, Kirsten eta Krischnan  bihotzekook, zuen aitak azken tantaraino isuriko du odola, zuen etorkizuna bermatzeko.

»Gero arte, nire kuttunok.»

(Leonidas greziar mugazainaren gogoetak, mugara lanera doan bitartean)

Gabarra ala gabemea?: andrazkoen eskubideak

Nahita, gurata laga dut igarotzen Donibane Jaungoikoaren Eguna, Andrazkoaren Eguna, martxoaren 8a.

Gurata, nahita utzi dut pasatzen, andrazkoen eskubideen aldeko aldarrikapenak, mota orotakoak, irakurri, entzun eta ikusi nahi nituelako.

Begitazioa daukat, egin diren aldarrikapenak orokorregiak izan direla, abstraktutasunean gelditu direla. Bestela esango dut: nork egin ditzakeenak, norberarentzat ezein ahaleginik ekarri barik. Hau da, doako elkartasunaren barruan murgildu egin dira aldarrikapen horiek guztiak; ez dute ezein kosturik norberarentzat, baina norbera oso dotore eta aurrerakoi geratzen da besteen aurrean.

Esaten da lanbide askotan andrazkoek gutxiago kobratzen dutela gizonezkoek baino, eta egia da. Esaten da enpresen zuzendaritzako batzetan askozaz gizonezko gehiago daudela andrazkoak baino, eta egia da. Esaten da IBEXen kotizatzen duten enpresetan ia andrazko bat ere ez dagoela, eta egia da. Oso salaketa laudagarriak, baina huts eta hutsalak. Zertan gelditzen dira buruenean?

Bada, Jaungoikoaren graziako 2016. urte honetan, nik andrazko jakin batzuen eskubide zehatz bat aldarrikatu nahi dut: aitortza-berdintasunerako eskubidea. Athleticeko andrazkoen taldeak Liga edo Erreginaren Kopa irabazten badu, gure jokalariak atera ditzagula gabarran Ibaizabalen zehar. Ez ditzagula ilunpeko gabeme baten ezkuta. Nire ustez, hau bada eskubide bat, zehatza eta benetakoa dena. Ez al du meritu berdina andrazko zuri-gorriek eta gizonezko zuri-gorriek nork bere txapelketa irabazteak, zeinek bere neurrian? Orain arte beti ukatzen izan diegu aitortza hori. Zergatik? Beharbada, askoren ustez andrazkoen futbola ez delako benetako futbola? Ala bada arrazoi sakonagorik?

Hau idazten dihardudala, hamabi partida falta dituzte gure andrazkoek liga amaitzeko, Athleticek Bartzelonari lau puntuko aldea kentzen dio, eta edozer gerta daiteke. Betiere, gure lehoi emeentzat pizgarri ederra izango litzateke Liga edo Erreginaren Kopa irabazteak herri oso baten aitortza, behar bezalakoa, jasoko duela jakitea. Merezimendu osoz hainbatetan irabazi baina arrazoi sinesgarri barik egundaino ukatu diegun aitortza. Gure esku dago bidegabekeria honi amaiera ematea.

Zuetako askok uste izango du Athleticeko gizonezkoen partidek askozaz jarraitzaile gehiago dutela andrazkoen partidek baino. Jakina. Eta gizonezkoek Santimamin jokatzen dute, eta andrazkoek Lezaman. Horrek gomutara dakarkit euskararen inguruan urte askotan erabiltzen izan den arrazoi ospetsu hau: “Hiritarrek ez dute eskatzen zerbitzua euskaraz ematea”. Horri deritzo ‘eragindako eskari’. Jakina, jendeak ez zekien zerbitzua euskaraz ere bai jaso zezakeela, eta eskari hori ez zen aldatu, harik eta zerbitzua euskaraz ere bai ematen zela jakinarazi arte. Errealitateak ez dira berez aldatzen. Sarritan horiei bultzadatxo bat eman behar zaie, eurok aldarazteko.

Horregatik, lehenengoz, dei degiot, lehenengo eta bat, Athleticeko zuzendaritzako batzari, kontu honetan duen erantzukizunarekin jabetu, eta inoren aldeko aldarrikapen batzuk egin dituen moduan, orain gauza dezan eskubide hori etxe barruan.

Bigarren, dei degiet Athleticeko jokalari gizonezkoei, eurek ere andrazko jokalariei dagokien aitortza-berdintasun hori aldarrika dezaten, bai klubaren barruan, bai gizartearen aurrean.

Hirugarren, dei degiet Athleticen familia osatzen dugunoi, beste hainbat arlotan erreibindikatzen duguna geure etxean ere bai aitor dezagun.

Laugarren, dei degiet Bilboko eta Bizkaiko herri-kargudunei, aitortza-berdintasun hau bultza eta gizartera dezaten.

Bosgarren, ‘last but not least’, dei degiot Emakunderi. Hondarribiko Alardearen kontuan agertu zen bezain irmo ager dadin kontu honetan ere bai.

Ez gaitezen izan, euskal esaera zaharrak zioen legez, “kanpoan uso, etxean otso”.

Titirietarrak

Joño!, esan nuen neure artean, telebistari begira nengoela eta “GORA ALKA-ETA” ikusi nuenean txotxongiloen kaleko agertoki baten. Eta baniharduen neure artean esaten: zelako kaltea egin dion Espainiako Erresumari Werten LOMCEk bere bizitza laburrean; daborduko gazteek ez dakite idazten ‘alcayata’ ere, eta euskara eta gaztelania elkarrekin nahastu. Ene bada!

Akats ortografikodun horma-irudia

Halako baten, telebistak bere kasa kanala aldatu zuela begitandu zitzaidan, espainiar poliziak antzezle batzuk kartzelara eroan zituela entzun nuelarik. Ez, bada; txotxongiloen ahotsak azpitik ipintzen izan zituzten antzezleak ziren kartzelaratutakoak. “Azpitik” diot, ze taldearen izenak halaxe adierazten du: Títeres desde Abajo.

Ondoren etorri ziren batzuen eta besteen iritziak, kontu (ipuin?) hori zela eta ez zela. Horietatik guztietatik, Celia Mayer arloko zinegotziarenak ditut nabarmendu beharrekoak. Hara bada! Esan zuen demokraziazale horrek erantzukizun politikoak garbituko zituztela. Nik, on hutsak, ulertu nuen, bere karguari utziko ziola. Bai zera! Erantzukizun politikoak programatzaileei egotzi zizkien, Laurenti Beria Jose Stalinen egikaritzaile trebearen tradiziorik onenean.

Erantzukizun politikoak eskatzeari buruz, ideia bereziak dituen herri-karguduna

Erraza da ulertzea: Celia Mayerren ustez, erantzukizun politikoak eman behar dituzte herri-karguetan ez dihardutenek, batez ere berari dagokionean erantzukizuna bere egitea. Erabat logikoa! Hobeto zukeen litxarrerian ibili izan balitz!

Badaezpada, berak jarri zuen salaketa antzezleen aurka, eta gero eskatu zuen salaketa kentzeko. Koherentziaren paradigma, andrazko honena, alajaina!

Zenbat eta arreta handiagoa eman kontuari, orduan eta irribarretsuago nire aurpegia. Eta hara non irakurri nuen Josetxu Rodríguezen Deiaren otsailaren 12ko edizioan “Titirietarrak” artikulua. Honezkero konturatuko zinetenez, berari ostu diot izenburua.

[Enlace roto.]

Orain Josetxu Rodríguezek egin zuen ohar baten gainean jardun nahiko nuke. Izan ere, arazoa ez da titirietarrak atxilotzea, legea hautsi bazuten. Legea hausten duenari ezarri behar zaio berari dagokion zigorra. Kontua da ea lege hori legitimoa den edo ez. Hor dago koxka.

Legeak, zuzena izango bada, bidezkoa behar du. Badira legitimoak (izan) ez diren lege askoren aleak; ez naiz luzatuko, eta berau bakarrik ipiniko dut adibide legez: 1944ko Zigor Kodeak adulterioa delitu gisa hartzen zuen, eta berau egiten zutenei kartzela zigorra ipini. Legezkoa bai, legebidezkoa, ostera?

Antzezleek daborduko utzi dute estatuaren ostatua

Bada, gauza bera gertatzen da gaur egun indarrean dirauen Zigor Kodearen 578. artikuluarekin. Artikulu hori aldatu zen, José María Aznar espainiar gobernuan zegoela 2000ko abenduaren 23an, terrorismoaren laudatzea zigortzeko. Hurrengo aldaketa 2015eko martxoaren 31n egin zen Mariano Rajoy gobernuan zegoela, eta eskuzapiari beste bihurritu bat eman. Non ziren 2000. urtean gaur egun lege hori ez betetzen eskatzen dutenetako batzuk? PSOEk orduan baiezko botoa eman zuen. A! Ahaztu egin zait: orduan ETA indarrean zegoen.

Galdeketen legearen ekimena: EAJk ikasbide ederra Sorturi

Agate Deunaren bezperan, Eusko Legebiltzarrean, EAJren bozeramaile Joseba Egibarrek demokraziaren ikasbide ederra eman zion Sorturi.

[Enlace roto.]

Sorturen bozeramaile Hasier Arraizek aurkeztu zuen Galdeketen Legea izapidetzeko proposamena. Joseba Egibarrek erantzuna eman zionean argi eta garbi azaldu zion EAJk ez zuela Sorturen proiektua garbi ikusten.

Betiere, ikasbide ederra ondorik eman zion, azaldu zuenean EAJk bidea zabalduko zuela, ekimena eztabaidatu ahal izateko Eusko Legebiltzarrean.

Gomutarazi nahi dut Sortuk hiritarren partaidetza galarazi duela gehiengo osoa izan duen udaletxeetan: hor dugu adibide nabarmena Gipuzkoako zintzilikarioen arazoa. Udal baten bai eta hurrengoan ere bai tokian tokiko hiritarrei eragotzi die euren iritzia ematen zakarrak biltzeko sistemaren gainean. Hori da eurek galdatzen duten askatasuna? Edo Gipuzkoako Batzar Nagusietako ahaldun gehienen iritzia halako zorropetik iragazi zutenean?

Pasaiako hiritarrek egindako protesta bat, zintzilikarioen gainean euren iritzia ezin emana salatzeko.

Partaidetza aldeztu behar da norbera agintean dagoenean, batez ere norberaren iritzia gehiengoarena izan ez daitekeela gertatzen denean.

Ni harritu egiten nau zurikeria honek. Zoritxarrez, ekandu zaharrak ez dira berehala erauzten. Zoritxarrez, are galdaketagaitzagoa da erauztea, norberak lehengo lepotik dirauenean, norberak uste duenean beste guztiak erratuta daudela; norberak uste duenean berak bakarrik izan ditzakeela eskubide guztiak (nahiz eta eginbeharretarik bat ere onartu ez).

Joseba Egibar Eusko Legebiltzarrean.

Bada, atzo, Agate Deunaren bezperan, EAJk, berriro ere, beste ikasbide demokratiko eder bat erakutsi zion demokrazia ahotik kanpora baino ez darabiltenei.

 

Euskal presoak etxerantz, eta biktimak?

Ni ez nintzen larunbateko kale-agerraldira azaldu.

Gogoeta iruntzitara egin nahiko nuke, txoko honek eskatu arau.

Har dezagun buruan ni naizela ETAk eraildako pertsona baten senidea (nire ustez, ariketa hau derrigor egin behar da).

TB pizten dut. Milaka lagun ikusten ditut, nire senitartekoaren eraileentzat eskubideak aldarrikatzen; nire senitartekoak, ostera, daborduko ez dauka ezein eskubiderik, bizia ostu zioten-eta.

Bilboko kale-agerraldia. 2016ko urtarrilaren 9a.

Telebistan (edozein espainiarretan, jakina) espainiar politikarien (jakina) iruzkinak entzuten ditut, eta badiote legeak betearazi behar direla (eurek ez dagitena, baina ez diotena).

Ikusi, irakurri eta entzuten dut egun guztietan eta hedabide guztietan ETAko “presoen kolektiboa”k beste presoak baztertu eta euren taldetik botatzen dituela, baldin eta berauek biktimen senitartekoengana hurreratu nahi badute.

Espainiar iruzkingileak beharrean.

Ez dut ikusten ETAko presoetarik gehienek ezein gizatasunik erakusten dietenik euren biktimei. Ikusten dut, ostera, ETA tematuta dagoela armak ez emateko.

(Hori guztia ikusi, irakurri eta entzuten dut hala moduz azalduta nik egunero erabili ohi ditudan hedabideetan).

Orduan, nik, ETAren biktima naizen honek, hauxe itauntzen diot neure buruari: zergatik arduratu behar dut nik haiengatik, haiek nirekin batere arduratzen ez badira?

ETAren atentatu baten osteko irudia.

Nire iritziz, presoen senitartekoek ez dute beste zigorrik pairatu behar, euren senitartekoen askatasuna galtzeak dakarrena baino. Legea bete behar da, eta preso bakoitzak bete behar du zigorra bere etxetik hurren dagoen presondegian. Hala ere, zentzuak badiost horrelako kale-agerraldiek suaren txinpartak haizatu baino ez dutela egiten. Eta su haizeberritu hori lehendik ereinda dagoen gorrotoaren emaria da. Emari pozoitsu baina eragingarria. Aldarrikatzen dena zapuzteko, jakina.

Politikaren antze prestua

Egunokin, politikaren eta politikarien izen ona belzten dihardute hainbatek. Politika lupetza ei da. Politikari guztiak lapurrak omen dira. Eta abar. Bada, nik iritzi horren kontrakarrean ipini nahi dut neure burua.

Nik politikaren arloko hainbat kargutan jardun dut hainbat urtetan, eta aburu oso bestelakoa atera dut neure bizipenetatik. EAJko alderdikidea naiz 1991. urteaz geroztik, eta alderdikide gehienengan topatu dudana sakrifizioa izan da, eta gaur egun ere bai halaxe da.

Burukide, herri-kargududun eta hautagai jelkideak.

Familia sakrifikatzen da, ordu txkietaraino jardunez han-hemengo arazoak bideratu nahian. Lagunartea sakrifikatzen da, guztion onurari eusteko ahaleginetan. Norberaren burua ere bai ukatzen da, beste askoren interesak norberarenen gainean jartzeko. Eta halaxe.

Harro naiz EAJrekin. Harro naiz EAJko alderdikideekin, alderdizaleekin eta neure herriarekin. Bai nahigabeak, bai loari lapurtutako orduak, bai sendiari kendutako oporrak, bai seme-alaben hazkuntzan eta hezkuntzan parterik hartu ez izana, bada, hori guztia eta gehiago egiten dute neure alderdikideek guztion interesa zaintzeko, eta horrexegatik nago harro neure Alderdiarekin.

Burukide, herri-kargudun eta hautagai jelkideak.

Hori ez ezik, bidegabekeriaren kontrakarra egin behar dut. “Politikari guztiak” lapurrak, ohoinak, ebasleak ei dira. Zergatik oguzi ohi dira horrelako bidegabekeriak? Zergatik? Euzkadi Penintsularrean 523 udalerri daude, halandaze, 523 udalbatzak dihardute nork bere herriaren interesak kudeatzen. Zenbat udalerritan gertatu dira lapurretak, lagunkeriak edo bestelako zitalkeriak? Esku bietako atzamarrak nahiko eta sobera dira horrelako ikuskizun negargarriak zenbatzeko. Zergatik orduan? Hainbat alderditako kudeatzaileak topatzen ditugu udalerri horietan guztietan. Batzuen politikak gehiago atsegin dituzkegu beste batzuenak baino, baina horrek ez dakar berez kudeatzaileak asmo gaiztoz jokatu izana.

Espainiako Erresuman zortzi mila eta ehunetaz udalerri daude. Zenbaten gertatu dira lapurretak, bidegabekeriak, lagunkeriak eta enparauak? Zergatik ez da aintzat hartzen gehien-gehienek euren eginkizuna betetzean agertzen duten prestutasuna, eta bai, ostera, lotsagaldu bakan batzuek egiten dituzten barrabaskeriak? Ez da bidezkoa, eta horrexeri kontrakartzen natzaio.

Cui prodest? Nork ateratzen dio atarramentua bidegabekeria honi? Demokraziak ez, gero! Ba ote dago ezkutuko (edo ageriko) asmorik, politikaren izena belzteko? Litekeena da, are gehiago, litekeena baino gertagarriagoa den zerbaiten aurrean gaudela esango nuke.

Burukide, herri-kargudun eta hautagai jelkideak.

Ekar dezadan kontu hau jarduera pribatura: enpresa pribatu batek BEZ barik egiten dituelako fakturak, nork esan dezake enpresa pribatu guztiak direla zerga-iruzurgileak?

Demokrazia ez da erraza, gero! Betiere, geroago eta zailago jartzen ari da, eta benda jartzen badugu zauria jaso aurretik, baliteke politika bihurtzea batzuek uste/nahi duten basatza. Eta hor guztiok galduko dugu.

Ogasunak zerga-iruzurgile bat edireten duenean, hura bera zigortzen du, ez arlo horretako guztiak. Bada, politikari bat iruzurrean harrapatua bada, ezar bekio harexeri dagokion zigorra. Izan gaitezen zuzenak!

Burukide, herri-kargudun eta hautagai jelkideak.

Gaurko post hau amaitu nahi dut agerian dagoen zerbaiten deiadarra egiten: “Zuk, politikari guztien izena belzten duzun horrek, hartu gogoan ea atsegin izango zenukeen zure lankide batek egindako litxarreria batengatik zeure izena ere belztuta ikustea”.

Xabier Lete eta komuneko papera

Post honetan kontatu nahi dut Xabier Leteren “Gizon arruntaren koplak” entzuten niharduela etorri zitzaidan burutazioa.

Izan ere, Xabier Letek gizakiaren bilakaeraren orduko gorengo maila ematen digu aditzera noiz eta 1976. urtean, orain dela abantzu 40 urte.

Gogoan daukat 1966. urtean edo, nire etxeko komuneko papera paper latza zela. Zergatik erabiltzen zuten gure gurasoek halako papera? Izan ere, gauza guztietarako adina dirurik ez eta erosketak egitean bakailaoa, sardina zaharrak eta enparauak biltzeko ematen ziguten papera birziklatu eta ipurdia garbitzeko erabiltzen genuen gurean. Sasoi hartan ez zegoen kanpainarik ingurumenaren eta kontsumo larregiaren inguruan. Ez eta behar ere!

Hortik ulertuko duzue zelako poza igartzen nuen inoren etxera joan eta han ipurdia garbitzeko egunkariaren papera ikusten nuenetan. Etxe horretakoak aberatsak ziren gero! Egin-eginean ere, etxe hartan egunkaria erosten zen, gurean ikusten ez zena. Hori zela bide, ahalegin guztiak egiten nituen gure gurasoek inoren etxera eroan nintzaten. Halakoren etxera heldu eta lehenengo lantegia komunean zein paper erabiltzen zen ikertzea nuen. Komuneko paper legez egunkariarena erabiltzen bazen, orduan ahaleginak egiten nituen gurasoek ni haren etxera berriro eroateko, paper latza bazuten, ostera, behar beste aitzakia, estakuru eta akiakula jartzen nituen hara ez itzultzeko.

Historikoa.

Xabier Leteren diskoa 1980ko hamarkadaren erdialdean entzun nuen estreinako, eta hona harridura: bazen jendea komunean ‘periodikua letuz’ kaka egiten zuena. Zer zerabilten halakoek, bada, ipurdia garbitzeko, egunkaria irakurtzen bazuten kaka egin bitartean? A, lagunok! Beren-beregi egiten zen papera, norberaren ipurdiko masailetako azala gorri ez zedin! Nire lehenengo akorduan ‘El Elefante’ markako paper marroia hasi ginen erabiltzen. Oso margo egokia, bide batez esanda, garbitu behar zuen produktuarekin erabat adosten zen-eta. Paper haren aurkia leuna zen, iruntzia, berriz, lakarra. Horregatik ikasi genuen papera kontuz tolesten iruntzitik, gure ipurmasailak igurtz zitzan aurki leunak.

Betiere, harekin pozik nengoela, konturatu nintzen ‘El Elefante’ zaharkitu zutela belaunaldi berriko komuneko paperek: kolore zurikoak (beharbada, kalbinista edo jansenista batek asmatuak), erraz moztekoak, orri bikoak, lurrintsuak (zein deabruri burura dakioke halako ergelkeria?!) eta abar.

Eta gaur egun, abantzu 40 urte geroago Xabier Letek kopla miresgarri hura idatzi zuenetik, neure burua ikusten dut hiperrean, superrean, cityan (azoka handi horietako baten), komuneko paperik egokiena aukeratzen, nire ipurmasailek ume jaioberri baten leuntasuna zaindu dezaten.

Gorengo maila… gaurkoz.

Eta gaur egun, komunera, egunkaria barik, tableta (ez aspirinakoa, alajaina!), eskukoa (Jainkoak dakita!) daroat komunera, eta Athleticen emaitzak ikasten dizkiet haiei zuzenean, eta emaitzak, orain abantzu 40 urte bezala, berdintsuak dira: Athleticek bi eta bat galdu zuen atzo, Errealak orain abantzu 40 urte baino hobetotxo, orduan ‘cuatro uno’ galdu zuen-eta. Eta pentsakor jartzen naizenean, hauxe datorkit burura: zelan, arraio, ulertaraz diezaiokedan hau guztiau ezagutu ez duenari oraingo gure bizimodua pagotxa dela?